Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren maiatzaren 15era arte ireki du 2014-15 ikasturtean Gradura Egokitzeko Ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaro hauen helburua da unibertsitate titulazioetako sistema zaharreko diplomadunek eta lizentziadunek beren ibilbide akademikoa Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) ezartzen duenarekin egokitzea, eta master zein doktoretza ikasketetara sartu ahal izatea. Gradu hauetara egokitzeko ikastaroak eskaintzen dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakaslea, Gizarte Lana, Erizaintza eta Fisioterapia. Ikastaro hauen gaineko informazio guztia hemen dago ikusgai: www.unavarra.es. Aurreinskripzioa interneten bidez egin behar da.

Osotara 255 ikaspostu eskaini dira hainbat ikastarotan. Irakasle graduetara egokitzeko ikastarorako eskaintzen dira ikaspostu gehien, 90 ikaspostu zehazki (40 Haur Hezkuntzarako eta 50 Lehen Hezkuntzarako). Atzetik dator Gizarte Lanerako ikastaroak (40 ikaspostu), Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza (30 ikaspostu).

Ikastaro hauek unibertsitateko ikasketen egituraren antolaketa berriaren ondoren sortzen dira (1393/2007 E.D.), EUEra egokitua baitago, eta EUEn lehen maila gradua da, eta graduak lehengo lizentziaturak eta diplomaturak, orain iraungitze bidean daudenak, ordezkatu ditu. Azpimarratu behar da lehengo diplomaturak baliodunak direla eta indarra dutela, eta lan eskudantzia berak dituztela tituludunen bizitza profesionalaren amaiera arte, eta, beraz, lehengo diplomadun, ingeniari tekniko edo lizentziadun batek ez dauka graduko titulu berri bat lortu beharrik bere lanbidean aritzeko.

Hala ere, egoki da unibertsitateek prestakuntza osagarri hau ematea, lehengo tituludunak sar daitezen beren ibilbide akademikoekin Goi Mailako Hezkuntzaren eskema berrian, master eta doktoretza ikasketetan sartu ahal izateko.

Halaber, gogoratu behar da ikastaro hauetan matrikulatzen diren ikasleek, graduatzeko, hizkuntza gaitasuna frogatu behar dutela atzerriko hizkuntzan B1 mailan, NUPen Gobernu Kontseiluak 2012an onetsitako erabaki batean ezarritakoari jarraiki.

NUPek joan den ikasturtean abian jarri zuen ordainketa zatikatua egiteko aukera izango dute ikastaro hauetako ikasleek. Zehazki, seihileko bakoitzean ordainketa bana eginez matrikula ordaintzeko aukera dago, eta Unibertsitatearekin hitzarmen bat sinatu duten entitateekin lehentasunezko interes tasa duten kredituak hitzartzeko aukera dago ere bai.