Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak onetsi egin du osoko bilkuran 2014-16 urteetan burutuko duen jarduera plana ekonomiaren, irakaskuntzaren eta gizartearekiko harremanen arloetan. Lan ildoak Gizarte Kontseiluaren batzordeek onetsi zituzten 2012. urtean, eta orain berretsi egin dituzte haiei beste bulkada bat emateko.

Jarduera plana hiru arlo nagusitan antolatzen da, eta horiek berak dira kontseiluaren lan batzordeei dagozkienak: ekonomia eta finantzen arloa, irakaskuntzaren arloa eta gizartearekiko harremanen arloa. Ekonomia eta finantzen arloko batzordearen lanean hauek izanen dira jarduera ildo nagusiak: Plan Estrategikoaren hedapenaren jarraipena eta Unibertsitateak izanen dituen finantzabide hitzarmenen definizioan parte hartzea. Gizarte Kontseiluak, halaber, ebaluatu eginen ditu kontabilitate analitikoaren ezarpena, Gizarte Kontseiluen Konferentziak prestatu duen eredu ekonomiko-finantzarioa nola jarri abian, eta aurrekontuak egiteko oinarritzat hartzen diren irizpideak berrikusteko eta hobetzeko modua.

Irakaskuntza batzordearen lan ildoak, orain osoko bilkurak bere gain hartu dituenak, gai hauei dagozkie: ematen diren titulazio ofizialen kalitatea, haien malgutasuna gizarte inguruneko beharretara egokitzeko, Kontseiluak eta ingurune profesionalak nola hartuko duten parte ikasketen eskaintza aldatzeko edo zabaltzeko, edota unibertsitate masterren oraingo eskaintza balioztatzea. Gainera, beste ildo hauetan ere lan eginen du: laneratzeko jarduerak jartzea gradu eta masterren prestakuntza programetan, NUPen prestatu diren doktoreek enpresa egituran duten presentzia areagotzeko neurriak hartzea, edo jardunean dauden profesionalentzat diren prestakuntza jarraituko jarduerak sustatzea.

Azkenik, Unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanen arloari dagokionez, Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak erabaki du dinamizatu eginen dituela Gizarte eta Enpresa Foroaren jarduerak, eta sustatu eta indartu eginen duela "Unibertsitatekoa izatearen harrotasuna" Ikasleen eta Ikasle Ohien Programaren bidez. Kontseiluak, orobat, areagotu egin nahi du Unibertsitateak ingurunearekin duen harremana, enpresa ikasgelen edo katedren bidez, baita modu integratuan kudeatu ere gizarte erantzukizun korporatiboa.