Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren astean irekiko du 2013-14 ikasturtean ikastegietan eta sailetan lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea. Guztira 102 beka emango dira, eta horietatik 29 unibertsitateko ikasketen jarraipena arriskuan jartzen duen zailtasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleek beteko dituzte. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 7tik 15era izango da, eta dokumentazioa Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistroetan aurkeztu behar da.

NUPeko lankidetza beken helburua da ikasleen prestakuntza handiagotzea, bakoitza ikasten ari den ikasketen eremuaren barruan, eta profesional eta ikertzaile bezala daukan etorkizuna bideratzen erraztea. Beka bakoitzaren diru-kopurua 525 euro da, eta beka jasotzen dutenek astean bederatzi ordu sartu beharko dituzte aurtengo maiatzaren 12tik irailaren 30era.

Laguntza mota hauek 2013-2014 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko edo Masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Deialdi honetan parte hartzeko, oinarriek ezartzen dute beharrezkoa dela izangaiei 120 kreditu baino gutxiago falta izatea beren ikasketak bukatzeko, gradu amaierako lanaren kredituak ere barne.

Eskatzaile guztiek proiektu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan aukeratu duten ikastegian edo sailean egingo diren lanak, arduraldia, eta bekadun diren aldetik egingo dituzten zereginak zehaztuko dira. Proiektu honek tutore-lanak egingo dituen irakasle baten bermea eduki behar du, eta eskatzailea egiten ari den titulazioko enborreko edo nahitaezko irakasgairen bati buruzkoa izango da.

Balioesteko irizpideak

Hautatzeko irirpideetan kontuan hartuko da ikastegi edo sail bakoitzak egiten duen aurkezten diren lankidetza proiektuen balioespena (gehienez ere lau puntu) eta espediente akademikoa. Behar ekonomikoak dituzten ikasleentzat gordetzen diren postuen kasuan, aurreikusi da Gizarte Ekintzarako Unitateak egoera justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa balioets dezan, gehienez ere sei punturekin.

Beka orokorretarako onartuen behin-behineko zerrenda heldu den maiatzaren 2an jarriko da NUPeko iragarki-oholetan eta webgunean. Maiatzaren 5, 6 eta 7an erreklamazioak aurkeztuko dira, eta 9an behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zailtasun ekonomikoan dauden ikasleen hautaketen emaitzak pertsonalki jakinaraziko zaizkie posta elektronikoaren bidez.