"Conversaciones-Solasaldiak" zikloaren hirugarren edizioari hasiera emango dio apirilaren 7an, astelehenean, “Osasun Zerbitzuak. Marea zuriaren ondoren” hitzaldiak. Hainbat hizlarik osasun zerbitzuen kudeaketa publiko eta/edo pribatuaren inguruko gaiei buruz hitz egingo dute. Saioa 19:30etan, egingo da Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan, eta sarrera doakoa izango da.
Ariadna García Prado Ekonomian doktoreak eta NUPeko Ekonomia Saileko irakasleak koordinatu du saioa. Gonbidatu dituzten hizlariak hauek dira: José Manuel Freire, Carlos III Osasun Institutuko Nazioarteko Osasuneko Saileko burua eta Nazioarteko Osasun Publikoa Masterraren zuzendaria, eta Fidel Campoy, osasun zerbitzuen kudeaketan eta osasun zerbitzuen aseguramenduan aditua, eta 25 urtetik gorako esperientzia duena bai sektore publikoan, bai sektore pribatuan.
Aurtengo haria analisi, kontrajartze eta eztabaida bat izango da, krisi ekonomikoak osasun zerbitzu, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturan sortu dituen erronkei aurre egiteko politika publiko eta/edo pribatuei buruzkoa. Hala, pertsona adierazgarriek beren ikuspuntuak eta esperientziak azalduko dituzte aztertuko den arlo bakoitzean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak eta Nafarroako Parlamentuak jarduerak batera garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatu da Conversaciones-Solasaldiak zikloa. Aurten, zikloa osatzen duten lau mahai-inguruak ez dira azken lauhilekoan egingo, baizik eta uda aurretik eta ondoren egingo dira.
Conversaciones-Solasaldiak zikloaren helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egin dezatela gaurkotasuneko gaiei buruz. "Eremu publiko/pribatua berriro definitzea" izenburu generikoa du aurtengo edizioak, eta hainbat adituri gonbit egingo zaie beren ikuspegia eta ezagutza eskain dezaten osasun zerbitzu, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturaren esparruetan.
Zikloak ekainean izango du jarraipena "Gizarte Zerbitzuak. Marea berdearen ondoren" mahai-inguruarekin, eta, udaldiaren ondoren, urteko azken lauhilekoan egingo dira beste bi saioak hezkuntzari eta kulturari buruz, hurrenez hurren.