Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasleei zuzendutako mintegi bat antolatu du, genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna irakaskuntzan eta ikerketan sartzeko. Prestakuntza-lantegi honetan zortzi saio egingo dira, martxoan, apirilean eta maiatzean banatuak, eta saio teorikoak eta praktikoak izango dira. Parte-hartzaileek eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Mintegi honetan izena emateko epea irekita dago, eta interesa dutenek martxoaren 7ra arte izango dute izena emateko aukera Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzaren Berdintasunerako Unitatean, Ikasgelategiko 026bis ikasgelan.
NUPeko irakasleek emango dute mintegia, eta programaren edukien artean daude genero-ikuspegia irakaskuntza eta ikerketa lanean sartzeko oinarrizko tresnak ezagutzea, ikuspegi hori irakaskuntza programetan eta materialetan integratzeko aukeren analisi bat, eta irakasleek eguneroko lanean erabiliko duten materialen prestakuntza.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa orain dela bi urte egin zuen ikerketa bat, Graduko tituluen ezarpenean genero zeharkakotasuna aztertzen zuena. Ikerketa hori errealitate horretara egindako lehenengo hurbilketa bat zen, Graduko tituluak abian jarri berriak baitziren. Zehazki, konparazio-analisi bat egiten zuen titulazio zaharren eta gradu berrien artean, hainbat alderdi kontuan hartuz. Hala nola, helburuak, gaitasunak eta titulazio bakoitzeko oinarrizko irakasgaien eta aukerako irakasgaien gai-zerrenden edukiak.
Txosten honen edukia ere aztertuko dute mintegian. Lantegi praktikoak egingo dira irakaskuntzako eta ikerketako genero-ikuspegiari buruz, bai eta Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek egindako kasu praktikoen azterketa ere.
Saio hauetako hizlariak hauek izango dira: Nieves Ledesma Marín eta Lucía Pellejero Goñi, Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak; eta Irene Lapuerta Méndez, Ruth Itúrbide Rodrigo eta Paloma Fernández Rasines, Gizarte Laneko Saileko irakasleak.