Javier Arza gizarte laneko diplomadun eta gizarte ongizatean graduondokoak bere doktoretza tesian arreta soziosanitarioa emateko estrategia berriak proposatu ditu drogaren menpeko politiketan atzemandako ahuleziei aurre egiteko xedez. Zehazki, dioenez, "kulturarteko gobernantza eta lehia, tradizioan drogamenpekotasunari buruzko gaiekin lotuta egon ez badira ere, bi funtsezko ardatz dira, jarduera esparruak hobetzeko aukera eman ahal dutenak". Bere ikerketa lanaren abiapuntua izan da drogamenpekotasunari buruz Nafarroak garatu dituen politiken analisia (1993-2009). Hala ere, tesiaren ondorioak bestelako gertaera eta esparru geografikoetara zabaldu daitezke.
Javier Arzaren tesiaren izenburua da “Arreta soziosanitariorako estrategiak. Drogamenpekotasunen kasua Nafarroan (1993-2009)”. José María Uribe Oyarbide, NUPeko Gizarte Laneko Saileko Gizarte Antropologiako irakasle titularrak zuzendu du, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Ikerketan ahalegindu da instituzioen erantzuna aztertzen gertaera mistoen aurrean, zeinetan gizarte, kultura, hezkuntza edo osasun arloekin lotutako alderdiak aldi berean elkarreragiten baitute. Egileak azaltzen duenez, gizarte ongizatearekin lotutako sistemak (osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak) "historikoki gizakien premien ikuspegi zatikatu batetik eratu dira, mugak definitu ahalko balira bezala: hemen osasun arloari dagokiona, hor hezkuntza arlokoa, han gizarte arlokoa, etab. Paradoxikoki, zenbat eta konplexuagoak izan gizarte ongizateko sistemak gizarte batean, zailtasun handiagoak daude hainbat sistema eta laguntza zerbitzu koordinatuta eskatzen duten gertaerei aurre egiteko".
Bere lanean, Javier Arzak Nafarroako Drogamenpekotasunaren aurkako Foru Planaren (1993-2009) garapena aztertu du alde batetik eta, bestetik, tradizionalki drogamenpekotasunaren aurkako politikei lotuta egon ez diren jarduera edo eskuhartze esparruetan hobetzeko estrategiak atzemateko ikuspegia zabaldu du: arreta soziosanitarioa eta kulturarteko gobernantza eta lehia.
Ahuleziak
Drogamenpekotasunaren Plana eta aztertutako aldian zehar eragina izan duten hainbat aldagai (baldintza sozioekonomikoak, iritzi publikoa, balio soziokulturalak, lege egiturak, etab...) aztertu ondoren, "harremanean jarri dut Nafarroako bilakaera Europa eta Estatu mailan gertatutakoarekin, eta horrek aukera eman dit hainbat ahulezia atzemateko instituzioen erantzunetan drogamenpekotasunen gertaeraren aurrean", dio. Haien artean, aipatzen ditu beste zerbitzu espezializatuekin dauden koordinazio gabeziak (zerbitzu sozialak, osasunaren oinarrizko arreta, etab.), ahuleziak detekzio goiztiarrean eta, ondorioz, drogamenpekotasunarekin batera agertzen diren beste premia batzuei erantzuteko zailtasunak: desgaitasuna, etxebizitza arazoak, enpleguaren beharra, buruko gaixotasuna, etab.
Faktore horiekin batera, aipatzen du baita ere " drogamenpekoen multzo handi batek jaso duen arretan intentsitate eta diziplinartekotasun eskasa". Zehazki, 2008. urtean eman ziren arreten % 68a garbiki osasun arlokoak eta intentsitate txikikoak ziren tratamendu programetan egin ziren: batez beste urtean 6 hitzordu, eta gehienbat erizaintzako eta psikiatriako langileekin egindakoak.
Proposatutako estrategiak
Ahulezia horiei aurre egiteko, egileak hainbat estrategia proposatu ditu arreta soziosanitarioaren barnean. Haietako batzuk egiturazkoak eta antolamenduzkoak dira, "baina analisia xehetasun handikoa da eskuhartze profesionaleko estrategien mailan, eta nik pertsona ardatz hartzen duten eta hurbiltasunean oinarritzen diren horien aldeko apustu sendoa egiten dut, horiek ematen baitute aukera arreta osoa, guztizkoa eta jarraitua lortzeko".
Bere proposamenaren muina tradizioan drogamenpekotasunen aurkako politiketatik urrutien dauden arloetatik dator: gobernantzatik, ohikoagoa politikaren esparruan, eta kulturarteko lehiakortasunetik, osasunaren antropologiatik datorrena eta etnizitatearekin lotua dagoena. Tesian dioenez, drogamenpekotasunen esparruan behar den bezalako sektore arteko politika integral bat "ezinezkoa da inplikatutako sareak kudeatzeko eta eragileen parte hartzean laguntzeko beharrezkoa den lidergotza egokia garatu gabe".
Era berean, ardatz gisa planteatzen du kulturarteko lehiakortasuna. "Lan eredu honen bidez kultur identitate ezberdinak dituzten pertsonen arreta hobetu nahi da, hainbat profesional eta instituziok hainbat ezagutza, jarrera eta trebetasun bil ditzaten erraztuz". Tradizioan etorkinekin edo gutxiengo etnikoekin egindako esku-hartzeetan aplikatu bada ere, Javier Arzak azaltzen du "tesi honen balio erantsia da adierazpen identitario ez etnikoak dituzten multzoen arreta, kasu honetan drogamenpekotasuna dutenena, hobetzeko proposatzen dela".
Drogamenpekotasunaren aurkako programetan kulturarteko lehia sustatzeko estrategien artean, egileak honako hauek aipatzen ditu: taldeetan sartzea lantzen ari den egoera bera bizi izandako pertsonak, profesionalki horretarako prestatu ondoren; loturak ezartzea erabiltzaileak ordezkatzen dituen organizazio eta taldeekin; eredu parte-hartzailea garatzea zentroen eta programen arauak eta jarraibideak ezartzeko; eta profesionalen prestakuntza etengabea beren kulturarteko eskumenak ahalik eta hoberen garatzeko.
Javier Arza Gizarte Lanean diplomaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Hamar urtez gizarte langile izan zen, funtsean drogamenpekotasunen arloan, eta 2000. urtean bere lana bideratu zuen gizarte aholkularitzara arlo soziosanitarioan eta gizarte eta hezkuntza arloan. 2003. urtetik irakaslea da NUPeko Gizarte Laneko Sailean eta Alter ikerketa taldeko kidea, gizarte bazterketaren esparruan espezializatua dagoena. Era berean, Instituto Interuniversitario de Desarrollo Social y Paz institutuko kidea da eta, zentro honekin lankidetzan, Centre on Social Inclusion and Health zentroaren sorreran parte hartu du, Osasunaren Munduko Erakundearen Europako zentro laguntzailea dena.