Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Grupo AN-ko arduradunek bilera bat egin dute, nekazaritzako elikagaien sektoreko ikerketaren gaietan lankidetza estuago bat izateko oinarriak adosteko. Lan saioa NUPen egin da, eta Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordea eta Jesús Sarasa Grupo AN-ren zuzendari nagusia izan dira bileraren buruak. Nekazaritzako elikagaiekin eta nutrizioarekin lotutako NUPeko 17 ikerketa-taldeetako arduradunek, taldearen enpresetako zuzendaritzako hamar bat kidek, Maite Muruzábal Grupo AN Fundazioaren zuzendari kudeatzaileak eta María Jesús Grilló Agrobioteknologia Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute bilera honetan.
NUPek eta Grupo AN-k orain dela gutxi erabaki dute enpresako katedra bat sortzea, bi erakundeen arteko lankidetza eta elkarlanerako mekanismo bat antolatzeko. Lan esparru berri honetan, Grupo AN-k parte-hartzaileei aurkeztu dizkie bere jarduna eta I+G+b lerro desberdinak. Lerro horietan unibertsitatearen teknologia eta prestakuntza laguntza behar ditu.
Bestalde, ikertzaileek Grupo AN-ren arduradunei ezagutarazi dizkiete beren ikerketa lerro aktiboenak nekazaritzako elikagaien esparruan, bai eta beren lankidetza-esperientzia sektore honetako industriarekin ere, eta oinarri teknologikoko enpresak sortzeko ekimenak.
Unibertsitateak eta Grupo AN-k harremana daukate aspalditik batera garatu dituzten hainbat proiekturen bidez. Azken proiektua izan da Grupo AN-ren parte-hartzea "Nekazaritzako elikagaien eta nutrizioaren sektorean berrikuntza hobetzeko jarduera plana" prestatzen. Campus Iberusek egin du plana Caixa Fundazioarekin finantzaketarekin.
Campus Iberus Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa (CEI) da, gehikuntza estrategikoaz sortua, unibertsitate hauen artean: Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Errioxako Unibertsitatea eta Lleidako Unibertsitatea. Partzuergo honek lehenetsitako lan eta ikerketa lerroetako bat Nekazaritzako elikagaiena eta Nutrizioarena da.