Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Eloísa Ramírez, Jesús Hernández, Alba Baztán, Mikel Echegaray, Manuel Dafauce eta Coro Echavarri.

Ezkerretik eskuinera: Eloísa Ramírez, Jesús Hernández, Alba Baztán, Mikel Echegaray, Manuel Dafauce eta Coro Echavarri.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta María Ana Sanz Administrazioan, Merkataritzan eta Informatikan Ikastetxe Bateratuak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ikastetxe horretako ikasleek praktikak egin ditzaten Lanbide Heziketa Dualeko programaren barruan. Hitzarmen honen xedea da ikastetxe horretako Lanbide Heziketako programetako ikasleek lehen lan esperientzia edukitzea lan esparruan, NUPen lan normalizatua eginez, matrikulatuta dauden prestakuntza zikloan edo hasierako kualifikazio profesionaleko programan sartzen dena.

Alba Baztán Jiménez, Administrazioan, Merkataritzan eta Informatikan Hasierako Kualifikazio Profesional Bereziko Programako (HLPP) 4. ikasmailako ikaslea María Ana Sanz Ikastetxean, da NUPen lanean hasi den lehenbiziko ikaslea. Alba Baztán aste honetan hasi da praktikak egiten, eta atezaintza zerbitzuko lanak eta bestelakoak egingo ditu Osasun Zientzien Fakultateko eraikinean dagoen liburutegian.

HLPP bereziko modalitatea bideratua dago funtsean hezkuntza behar bereziak dituzten eta beren desgaitasunak eraginda behar eta arreta berezia behar duten gazteen gizarteratzera eta laneratzera. Programa hauetako praktikak hirugarren eta laugarren ikasmailetan garatzen dira, eta 150 eta 200 ordu artekoak dira. Kasu honetan, adostu da Alba Baztán astearte eta asteazkenetan etorriko dela 8:30etik 14:00etara Unibertsitatean praktikak egitera, heldu den ekainera bitartean. NUPen egonaldia bukatzen duenean, Alba Baztánek ziurtagiri bat jasoko du.

Tutoretzapeko praktikak

Bai María Ana Sanz Ikastetxeak bai Unibertsitateak Alba Baztánen profilarekin bat datorren lan bat bilatu dute, desgaitasun psikiko arina baitu, eta xedea da bere gaitasunak inguru egoki batean garatzea. María Ana Sanz Ikastetxea eta Unibertsitatea bere lanaren tutore izango dira. Ikastetxearen aldetik, Jesús Hernández irakaslea, eta NUPen aldetik, Zerbitzu Orokorren Ataleko arduraduna, Mikel Echegaray, izango dira praktiken jarraipena egiteaz arduratuko direnak. Gainera, Coro Echávarri Osasun Zientzien Fakultateko eraikineko mandatariak izango du eguneroko harremana ikaslearekin.

Gauzatuko dituen lanen artean daude atezaintza zerbitzuan eskatzen den informazioa ematea bai aurrez aurre bai telefonoaren bidez; ikasleen lanak eta korrespondentzia jaso, sailkatu eta banatzea; ikasgelak eta beste zenbait areto prestatzea erabili aurretik eta erabili ondoren; eta Osasun Zientzien Fakultateko eraikinean dauden iragarki oholak eguneratzea. Liburutegian aldiz, honakoez arduratuko da: funts berriak jaso eta etiketatzeaz; bibliografia loteak paketatzeaz; irakurketa aretoa mantentzeaz eta zerbitzu horren erabiltzaileei informazioa emateaz.

Aste honetan jada lehen topaketa egin zuten Alba Baztánen lantokian, eta bertan bildu ziren Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea; Manuel Dafauce María Ana Sanz Ikastetxeko zuzendaria; eta Ana Palacio ikastetxe bereko orientatzailea.