Joan eduki nagusira

zoom Ikasle berriak, topaketa egin eta gero

Ikasle berriak, topaketa egin eta gero

Guztira 82 ikasle atzerritar etorri dira aste honetan Nafarroako Unibertsitate Publikora, 2013-14 ikasturteko bigarren seihilekoa egitera. Ikasle horiek nazioarteko mugikortasuneko hainbat programatan parte hartzen ari dira, eta hogei bat nazionalitatetakoak dira. Gazte horien erdiek Europar Batasunaren Erasmus programaren bidez ikasiko dute NUPen, baina unibertsitatean ikasle gehien dituzten herrialdeak Mexiko (13) eta Estatu Batuak (11) dira. Unibertsitatean udazkeneko seihilekoan ikasi zuten 78 ikasleei eta ikasturte osoa egiten ari diren 40 ikasleei gehitu behar zaie talde hau. Horrenbestez, guztira 200 ikasle atzerritarrek ikasiko dute NUPen 2013-14 ikasturtean.

Seihileko honetan beren ikasketak NUPen egingo dituzten 82 ikasle atzerritarretatik, 38 Erasmus programan parte hartzen ari dira, eta gainerakoak beste programa hauetan banatzen dira: Palafox (21), Martín de Rada (5), ISEP USA (4), ISEP Internacional (2), aldebiko hitzarmenak (7) eta ikasle bisitariak (5).

Guztira, 20 herrialdetatik etorri dira ikasleak. Mexiko (13), Estatu Batuak (11), Alemania (7), Belgika, Frantzia, Italia eta Turkia, bakoitza sei ikaslerekin, dira bigarren seihileko honetan NUPen ikasle gehien dituzten herrialdeak. Unibertsitatean ikasleak dituzten gainerako herrialdeak hauek dira: Austria, Britainia Handia, Grezia, Polonia, Txekiar Errepublika, Argentina, Nikaragua, Hego Korea, China, Brasil, Txile, Ekuador eta Peru.

Ongietorria emateko jardunaldia

Ikasleek ostiral honetan, urtarrilak 31, parte hartu dute ongietorria emateko jardunaldian, eta Kanpo Harremanetarako Ataleko arduradunek azaldu diete Unibertsitatearen funtzionatzeko modua, eta ikasturtea amaitu bitartean biziko diren hiriari buruzko informazio erabilgarria eman diete. Bilera horietan informazioa ematen zaie egoitzari, garraioari, bizitzaren kostuari, osasun txartelari edo gaztelaniazko ikastaroei buruz.

Ikasleek, era berean, argibideak jaso dituzte NUPen zerbitzuei buruz (kirolak, jantokiak, liburutegia, boluntariotza, osasun laguntza, etab.) eta Arrosadiko campusean dauden instalazioak bisitatu dituzte.

Bilera honetara etorri dira, halaber, Alumni Programaren arduradunak, eta ikasle berriei ikasturte honetan abian jarri den programa bat azaldu diete. Programak horrek gazte horiek beren ingurune berrian integratzea du xede. Lehen seihilekoan NUPeko 15 ikasle ohi boluntario beste horrenbeste nazioarteko programetako ikasleren erreferentzia eta laguntzaile bihurtu dira; izan ere, hizkuntzak eta esperientzia pertsonalak partekatu dituzte.

Partner Alumni-Erasmus zerbitzua Alumni Programak sustatu du Unibertsitatearen Nazioarteko Harremanetarako Zerbitzuarekin lankidetzan. Ekimen honen xedea da konfiantzazko harreman pertsonala izateko aukera ematea, eta bi aldeek nolabaiteko onura jasotzea. Alde batetik, Alumni kidea erreferentzia eta laguntza da ikasle atzerritarrentzat, hizkuntza hobetzeko, hirian integratzeko eta Unibertsitateko administrazio eta irakaskuntza kudeaketak egiteko. Eta, bestalde, ikasleak aukera ematen dio Alumni kideari bere erreferentziako hizkuntza praktikatzeko (frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, txinera...) eta bere kulturari eta jaioterriari buruzko informazioa partekatzeko.

Ekimen honetan parte hartzeko baldintza bakarra da Alumni Programako kidea izatea eta nazioarteko mugikortasunerako programa baten bidez NUPen matrikulatutako atzerriko ikaslea izatea.