Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartu duten ikertzaileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera, Vicente Ferrer, Javier Peralta, Jesús Álvarez, Rosa María Canals, Leire Múgica, María Durán, Leticia San Emeterio, Esther Rupérez, Ana Juaristi, Rubén Gutiérrez eta Javier Pedro.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera, Vicente Ferrer, Javier Peralta, Jesús Álvarez, Rosa María Canals, Leire Múgica, María Durán, Leticia San Emeterio, Esther Rupérez, Ana Juaristi, Rubén Gutiérrez eta Javier Pedro.

Lur baten nekazaritza erabilera edo abereen presioa txikiago bihurtzen denean, berez gertatzen da lur horretan sasia gehiago haztea lehen, eta gero basoa agertzea, eta neurri batean zuhaitz-estaldura leheneratzen da. Hala ere, Nafarroako Pirinioko zenbait tokitan, albitz-belarra deitzen den landare gramineo autoktono baten zabaltze erasokorra prozesu hau galarazten ari da. Albitz-belarra arrakasta handiz hazten ari da magaletan, eta beste hainbat espezie autoktono lekutu ditu, larreak endekatuz eta bioaniztasuna eta futzionaltasuna galaraziz. Gertaera honek harriturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fitoteknia taldeko ikertzaileek ikerketa-proiektu bat jarri dute martxan, jokabide inbaditzaile horren faktoreak ezagutu eta kontrol-mekanismoak ezartzeko.

Ingurumeneko proiektu hau ez da bakarrik interesgarria toki jakin batean, Aezkoan kasu honetan, azken hamarkadetan berdin gertatzen ari delako, landare berarekin, Europako beste hainbat herrialdetan (Ingalaterra, Herbehereak, Suitza, Italia eta abar...). Rosa María Canals NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakasle titularra da "Brachypodium pinnatum bertako graminearen jokabide inbaditzailea: faktoreen eta prozesuen analisia, penintsulako ipar aldeko zabalkundea kontrolatzeko" izeneko proiektuaren arduraduna. Lau urteko iraupena daukan lana da (2014ko abenduan amaituko da). Ikerketa Plan Nazionalak 60.000 euroko laguntza eman dio proiektuari. Canals irakasleareklin batera, Leticia San Emeterio eta Javier Peralta ere dira ikerketa taldeko partaideak, eta beste hauek guztiak aritu dira ikerketan laguntzen, une batean edo beste batean: Jesús Álvarez, Esther Rupérez, Ana Juaristi, Javier Pedro, Juan María Senosiain, Rubén Gutierrez, Leire Múgica, María Durán, Giang Tuan Linh eta Vicente Ferrer.

Ikertzaile honek, lehenago, Nafarroako hainbat herri-lurretako larreen antolaketan parte hartu zuen, eta Aezkoan "harrituta geratu ginen albitz-belarra (Brachypodium pinnatum, euskaraz alka-belarra ere deitua), zer zabalduta zegoen, zakarra eta bazka eskasa delako eta abereek jan nahi ez zituzten larre zabalak estaltzen zituelako".

Albitz-belarra landare gramineoa da, Europa epeleko larreetan eta sastrakadietan egoten dena. "Ezin dugu esan landare inbaditzailea dela, kontzeptu hau bertakoak ez diren espeziei baizik ez zaielako aplikatzen; horregatik landarearen zabalkunde erasokorraz mintzatzen gara. Jakin nahi ditugun arrazoiak medio, albitz-belarra, baldintza normaletan landare-komunitate anitzen parte izaten dena, larrean nagusi bihurtzen da, beste landare batzuk hazi daitezen galarazten du, eta landare komunitatearen aniztasun eta funtzionaltasun-galera eragiten du".

Erreturak eta abere gutxi egotea

zoom Albitz-belarraz estaliriko magalak (marroiaz) Aezkoako Puertos Grandeseko herri-lurrean. 2013ko apirila

Albitz-belarraz estaliriko magalak (marroiaz) Aezkoako Puertos Grandeseko herri-lurrean. 2013ko apirila

Nafarroan eragin handiena daukan aldea Aezkoa ipar aldeko Puertos Grandes (1.700 hektarea) herri-lurrean dago. Honako hauek dira ikerketa talde honek erantzun nahi dituen hiru galderak: zer neurritan ari da albitz-belarra zabaltzen Pirinioan? Zer faktorek eragiten du espezie hau nagusi izatea eta beste espezie batzuk desagerraraztea? Zer mekanismo erabiltzen du landareak eusteko eta larrearen bilakaera eragozteko?
Lehen galderari erantzuna emateko, albitz-belarraren zabalkundea sateliteekin lortutako irudien bidez aztertzen ari da. "Lehenik, landa-lan baten bidez, bertako landare-komunitateak identifikatu dira, eta gero informazio hau satelitearen irudiekin alderatzen da. Satelitearen bidezko irudietatik abiatuz, albitz-belarraren estalkiak egoki identifikatzen ditugunean, zenbatu ahalko dugu, denboran eta espazioan, graminea hau azken hamarkadetan Puertos Grandesen nola bilakatu den, eta zabalkunde-patroiak ere ikertu ahalko ditugu, paisaiaren eskalan".

Albitz-belarraren zabalkundea ekarri duten faktoreei dagokienez, ikertzaileek aztertu nahi dute, lur-zatiaren eskalan, ohiko erretzeak landare-estalkian daukan ondorioa. "Sastrakadia kontrolatzeko eta larreak hobetzeko neguan egiten diren erretzeak ohikoak dira mendi aldeetan, abeltzainek egin ohi dituztelako. Askok uste dute erretzeen eta albitz-belarraren zabalkundearen artean harremana dagoela", esan du Canals irakasleak. Lan taldeak ikertu du, azken urteotan, neguko erretze kontrolatuek mendi larreetako landaredian eta lurzoruan dauzkaten ondorioak. "Gaur egun, Administrazioak baimentzen ditu neguko erretura kontrolatuak, larreak hobetzeko. Horregatik, ezinbestekoa da zehatz ezagutzea erretzeen ingurumen-ondorioak, erabakitzeko praktika hori onuragarria den edo ez, eta edonola ere, egiteko moduaz irizpideak ezartzeko, larre oparoa eta anitza izateko eta sastrakadia eraginkorki kontrolatzeko."

Nutrienteen absorzio handiagoa

zoom Mendian, saiakerak egiteko bildu den albitz-belarrezko zohi bat (lur-zoru zatia, landare-estalkia eta guzti).

Mendian, saiakerak egiteko bildu den albitz-belarrezko zohi bat (lur-zoru zatia, landare-estalkia eta guzti).

Orain arte egindako ikerketek agerian uzten dute erretze baten ondoren lurzoruan gehien aldatzen den nutriente mineraletako bat amonioa dela, eta albitz-belarra gauza dela larrean dauden beste espezie batzuek baino hobeki absorbitzeko. "Uste dugu absorzio-gaitasun handiago hori izan daitekeela erreturiaren baten ondorengo zabalkundea eragin duten faktoreetako bat. Gero, beste faktore batzuk ere garrantzizkoak izan daitezke, esaterako albitz-belarraren hazkundea kontrolatzen duen abeltzaintzaren presiorik ez izatea".
Alde horretatik, Rosa María Canalsek esan du arazoetako bat izan daitekeela erretzeak behin eta berriro gertatzea, "egia delako erretzeak landareen hazkunderako garrantzizkoak diren nutrienteen mineralizazioa errazten duela, baina behin eta berriz egiten badira, azkenean lurzoruaren kalitatea kaltetzen ahal dutela uste dugu. Suaren errepikapenaren gaia ongi aztertzeko epe luzeko ikerketak egin beharko dira, ondorio baliozkoetara iristeko. Lantzeko dagoen gauza bat da".

Azkenik, albitz-belarrak zer mekanismo erabiltzen duen eusteko eta larrearen bilakaera galarazteko, ikertzaileek hipotesi honekin ari dira lanean: "landarea, neurri batean, lurzorutik independente aritzen da: bere errizomak aski nutriente metatzen ditu, eta udaberrira arte atxikitzen ditu; hau da, bere errizoma gauza da hurrengo denboraldian landarearen hazkundearen oinarria izango diren nutrienteak gordetzeko". Aezkoako komunalean laginak hartzen uda oso bat pasatu eta gero, ikerketak abian daude, eta horien ondoren ikusiko da hipotesia zuzena den edo ez.

Ikertzaileek biziki eskertzen dute hango agintariek eta Aezkoa Ibarreko Juntak eman duten laguntza. Juntak ikerketan aktiboki parte hartzen du, saiakerako lur-zatiak denbora baterako utzi dituelako. "Ibarraren laguntzarik eta uneoro erakutsi duten interesik gabe, ikerketa hau ez lizateke posible izango. Azken urteotan bildu dugun informazioa tratatuko dugu, ondorio praktikoetara iristeko. Edonola ere, honelako ikerketak epe luzekoak izaten dira: lan handia eskatzen dute, eta urteak behar izaten dira galdera guztiei erantzuteko. Finantzaketa gehiago lortzen badugu, lortuko dugu, motibazioa ez delako falta, baina une hauetan gauzak zail samar daude", esan du Canals doktoreak.