88tik gora urte dituzten adinekoek, dementziak jota ahultasun egoeran daudenek eta denbora luzez aulki gurpildunetan egon direlako murrizketa fisikoak eduki dituztenek, beren indarra eta giharretako potentzia hobetu zuten entrenamendu espezifikoko programa bat egin eta gero. Lasterrago ibiltzen ziren, aulkitik altxatzeko trebetasun handiagoa zuten, oreka hobea eta eroriko kopurua nabarmen jaitsi zuten. Age Zahartzearen Elkarte Amerikarraren aldizkariak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak eta Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisioterapia katedradunak zuzendu du. Berarekin lankidetzan lan egin dute ikertzaile hauek: Eduardo L. Cadore, (Nafarroako Unibertsitate Publikoa); Ana B. Bays, Marta Martínez eta Andrea Rozas (Tuterako Real Casa de la Misericordia), Álvaro Casas (Nafarroako Ospitalea) eta Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko ospitalea).
Ikerketan dementziak jota ahultasun egoeran dauden 88 urtetik 94 urtera bitarteko 24 adinekok parte hartu zuten. Astean bitan, 12 astez, osaera anitzeko entrenamendua egin zuten, alegia, giharretako indar entrenamendua eta oreka hobetzeko ariketak martxarekin batera. “Taldeak nabarmen hobetu zuen ibiltzeko eta aulkitik altxatzeko trebetasuna —esan du Izquierdo irakasleak— eta hobetu egin ziren, baita ere, indar presioaren neurketa gehienek, aldakaren flexioak, belaun luzamenduek eta indar dinamiko maximoak. Halaber, erokiko kopurua nabarmen jaitsi zen". Hobekuntza horiez gain, azterketak frogatu du dementziak jota eta ahultasun egoeran dauden eta muga fisikoak dituzten adinekoek egin dezaketela indar entrenamendua.
Ahultasun sindromearen eraginez —dementziak jota dauden adinekoetan oso ohikoa— beraien egoerak okerrera egiteko arriskua areagotzen da. Ahultasun sindromearen menderatze fisikoa hobetzeko diseinatuak dauden ariketa fisikoaren bidezko esku-hartzeak (indarra, ibiltzea eta oreka ariketak) dementziak jota dauden adinekoentzat ere onuragarriak dira. Horrez gainera, indarraren eta erresistentziaren bidezko ariketa fisikoak erakutsi du dementziak jotako gaixoen funtzio kognitiboa hobetzen duela.
Azterketak adinekoen egoera baliotsu zuen entrenamendu saioak bukatu zirenetik 24 aste igaro ondoren, eta egiaztatu zen "lorpen fisiko guztietan jaitsiera nabarmena" egon zela. Ariketak egiten jarraitu ez zutenez, lortu zen guztia galdu zen eta adinekoak aurretik zeuden murrizketa fisikoko egoeran jausi ziren berriro. Mikel Izquierdoren ustez, “onuragarria litzateke ariketa mota hau modu jarraituan egitea ahultasun egoeran dauden adinekoek, bai eta dementziak jota daudenek edo denbora luzez aulki gurpildunetan murrizketa fisikoak izan dituztenek ere, zahartzearen ondorioei aurrea hartzeko, beren ongizatea hobetzeko eta bizi diren gizartera hobeki egokitzeko”.
Zahartzearen Elkarte Amerikarrak jaso duen ikerketa lanaren izenburua hau da: “Positive effects of resistance training in frail elderly patients with dementia after long-term physical restraing” (Indarreko entrenamendu programa baten ondorio positiboak dementziak jota ahultasun egoeran dauden adinekoetan denbora luzez murrizketa fisikoak izan eta gero).