Nafarroako Unibertsitate Publikoak bikoiztu egin du matrikula ordaintzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzako laguntza ekonomikoak. Hasiera batean programa honetarako aurreikusten zen kopurua 18.000 euro zen, baina ikusita zenbat eskaera dagoen, Ikasleen Gaietarako Errektoreordetzak erabaki du 35.608 eurora igotzea. Denetara 82 eskaera aurkeztu dira, eta horietatik hirurogeita hamar 2013-14 ikasturteari dagozkio. Gainerako hamabiak 2012-13 ikasturtekoak dira. Deialdiaren ebazpena laster jakinaraziko da. Programa honen helburua da diru-laguntza bat ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta zailtasun horiek direla-eta unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.
Dealdia joan den abuztuan onetsi zen. NUPen matrikulatutako ikasleek izan dute diru-laguntza horiek eskatzeko aukera, gradu-ikasketak eta lehengo titulazioetako lehen eta bigarren zikloetako ikasketak egiten ari zirenek 2012-13 eta 2013-14 ikasturteetan. Diru-laguntzak matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzeko dira, eta bateragarriak dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen.
2012-13 ikasturteko ikasleentzako diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, aurreko ikasturteko matrikularen ordaindu gabeko kopurua izango da. Bestalde, 2013-14 ikasturterako diru-laguntza aurrerakintzat joko da, eta, gehienez ere, lehen seihilekoaren kostu osoa izango da. Horrez gain, aurtengo ikasturterako diru-laguntza eskatzen dutenek egiaztatu behar zuten Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren beka-deialdietara aurkeztu direla, betiere deialdi horietako bakoitzean ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo diru-sarrera txikiagoak dituztenean. Langabezi eta inklusio sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.
Ordainketa zatikatua
Gogorarazi behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak sistema berri bat jarri duela abian 2013-14 ikasturterako. Sistema horren bidez, titulazio ofizialetako ikasleek matrikula lau epetan ordaintzeko aukera daukate. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazioak ordaintzeko. Ordainketa epeetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko.