Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alberto Enrique, Paloma Bescansa eta Iñigo Virto ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Alberto Enrique, Paloma Bescansa eta Iñigo Virto ikertzaileak

Landareek atmosferaren karbono dioxidoa (CO2) erabiltzen dute beren ehunak osatzeko, eta, hiltzen direnean, karbonoa berriz itzul daiteke landareak hazi diren zorura. Lortzen bada lurra lantzeko modua optimizatzea, karbono horren zati bat atmosferara CO2 forman itzul dadin saihesteko, (GEI) berotegi-efektua sortzen duten gas-jaulkipena murrizten laguntzen da; izan ere, beroketa globalaren eta aldaketa klimatikoaren kausa nagusietako bat baita. Ikerketa-lerro horretan jarduten du duela hamar urtetik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lurzoruen Kudeaketa taldeak, orain INTIA eta Fundagro taldeekin batera parte hartzen ari dena LIFE RegaDIOX izeneko europar proiektuan.

Fundagrok koordinatzen duen proiektuak hiru urteko iraupena dauka. Helburu nagusia da diseinatzea, probatzea eta hedatzea laborantza ureztatuaren kudeaketa iraunkorraren eredu hobetu batek izan dezakeen inpaktua CO2 atzemateko eta GEI gas-jaulkipena murrizteko. Besteak beste, hainbat adierazle ebaluatu eta aztertuko dira kalkulatu ahal izateko karbono-bahiketa, kontsumitutako energia eta sortutako jaulkipen kopurua, lurzoruaren erabilerari, laborantzen tipologiari, ureztaketa sistemei, ongarritzei eta abarrei dagokienez.

NUPeko Paloma Bescansa, Iñigo Virto eta Alberto Enrique ikertzaileak proiektuaren oso alde espezifiko batez arduratuko dira: lurzoruaren erabilerarekin lotutakoaz hain zuzen ere. "Hamar urte daramatzagu materia organikoa lurzoruan sartzeko eta egonkortzeko prozesuetan —dio Paloma Bescansak—. Ikuspegi berri bat atmosferan karbono dioxido gehiago egotearekin eta CO2 horren zati bat lurzoruetan, sedimentatutako materia organikoan atxikitzeko moduarekin lotua dago".

Ildo horretatik, Alberto Enriquek azaldu du karbonoa lurzoruan atxikitzea prozesu natural bat dela, baina lurzoruak ereiten hasi zirenean galdu egin zutela ordura arte atxikitzea lortzen zuten karbonoaren zati bat. "Materia organikoa ona da lurzorurako. Adibidez, pentsa dezagun pagadi baten kasuan. Zuhaitzak CO2 molekulak hostoen ehuna osatzen duten karbono kate bihurtzen ditu. Hosto horiek lurzorura erortzen direnean, ugalkortasun kimikoaren, fisikoaren eta abarren bidez lurzoruarentzat oso onuragarria den materia organikoa osatzen dute. Azkenik mantenugai bihurtuko da, baina bitartean lurzorurako hainbat propietate sorrarazten ditu: porositatea hobetzen du, ura garraiatzeko aukera ematen du, etab. Nekazaritzako lurzoru askotan eduki hori % 1 eta 3ren artean kokatzen da, eta kopuru horrek txikia ematen badu ere, oso zeregin garrantzitsua dauka lurzoruaren funtzionamenduan.

Laborantza ureztatuak

Orain ikertzaileak aztertzen ari dira lurzoruan karbono ekarpen natural hori gehitzeko modua, laborantza lurren, uraren eta abarren erabilera eta tratamendua hobetuz, lurzoru eta klima zehatz bat izanik, CO2 atxikitzeko ahalmen handiagoa izan dezan. "Lurzoruak materia organiko gehiago edukitzeak —azaldu du Iñigo Virtok— neurri batean CO2 atmosferara itzultzea saihesteaz gainera, abantailak ditu lurzoruaren emankortasunaren ikuspuntutik eta, esaterako, higadura murrizten laguntzen du. Nekazaritzak, erabiltzeko teknika ezberdinen bidez, prozesu horretan guztian eragin dezake eta, ureztaketen kasuan, beharbada lurzoruek karbono gehiago atxikitzea lortuko dute, zeren, nolabait, lurzoruaren baldintzak aldatzen ari baikara, lehorreko lurzorua zenak orduan ur gehiago edukiko baitu. Oso modu sinplean esanda, esan genezake erdi-lehorra den gune batean lurzoruaren materia organikoaren ahalmena gune hezeago batekoa bezalakoa izatera pasako litzatekeela".

RegaDIOX proiektuan egitekoak diren sei ekintzatatik, NUPek zuzenean parte hartuko du hirutan: batetik, lehorreko lur tradizionalak alderatuko dituzte eremu ureztatuekin; bestetik, ebaluatuko dituzte hainbat belar laborantza (artoa, baratzea, bazka, alpapa, etab.); eta hirugarrenik, laborantza iraunkorren esparruan mahastiak eta olilbondoak aztertuko dituzte, landare-estalkiekin edo gabe maneiatzeko errazagoak direlako.

Lanaren hasierako fase honetan, ikertzaileak sailkatzen ari dira Nafarroako Ubideak ukitutako eremu osoko hainbat lursail (azken hamabost urteotan lurzoru ureztatu bihurtu direnak), lurzoruen ezaugarritzea egiteko xedez. "Ikusiko dugu zer nolako lurzoruak dauden, hori baita prozesu honetan gehien eragiten duen faktoreetako bat, eta ikusiko dugu lurzoruan dagoen materia organikoaren kopuruak zer bilakaera duen erabiltze/ereintza sistemen arabera”, azaldu du Paloma Bescansak.

Beren lanari gehituko zaio INTIA taldeak garatutakoa, nekazaritza sistema bakoitzari lotutako GEI gasen jaulkipenen eta erabilitako energiaren balantze bat egingo duena, eta horrela kalkulatu ahalko da hazkuntza batean zenbat energia eta ongarri erabiltzen den, zenbat jaulkipen dauden sistema horri lotuak etab. “Ideia da —dio Iñigo Virtok— ahalik eta abaniko zabalena ebaluatzea: uraren erabilerak, erabiltzeko sistemak, ongarritzea, etab., eta ureztaketa jarduerarekin lotura duten ekintza guztiei lotutako GEI balantzea kuantifikatzea".

Fundagro Fundazioak, bere aldetik, kapitalizatuko eta dinamizatuko ditu ikerketa aurrerapenak eta proiektuaren esperimentazioa nekazaritza sektorean, nekazariei transmititu ahal izateko, eraginkorrak direla frogatu duten tekniken eta erabilpenen bidez aplikazio praktikoa gauzatu ahal dadin. Horrela, RegaDIOX proiektuan sartzen dira azterlanak ongarritzeari buruz, ureztatze sistemen ebaluazioari buruz (presioa, aspertsioa, tantakakoa, etab.), eta lursail pilotoak sortzea 2016. urtearen amaiera aldera proiektuaren azken fasean lan egiteko.