Joan eduki nagusira

zoom Garbiñe Urreizti Lezertua

Garbiñe Urreizti Lezertua

Garbiñe Urreizti Lezertua Psikologian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean. Egin duen doktoretza tesiaren gaia Nafarroako D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasleen ahozko adierazpena da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri du. Bere ikerketarako, ikasleek euskarazko gaitasun agiria lortzeko gainditu behar dituen ahozko proba baliatu du. Hizkuntza gaitasuna ez ezik, ikasleen familia-inguruaren eta bizi diren alderdiaren ezaugarriak aztertu zituen, baita egiten dituzten hutsak eta horiei buruz daukaten pertzepzioa ere. "Jakin behar da -azaldu du- ikasle hauek euskaraz hitz egitean dauzkaten zailtasunak zeintzuk diren, zergatik sortzen diren eta, batez ere, zer egiten ahal den ikasketa-prozesua hobetzeko".

Hutsen eta ikasleek horiei buruz daukaten pertzepzioaren arteko mendekotasuna aztertzeaz aparte, azterketan bigarren hezkuntza bukatu eta gero daukaten ahozko adierazpenaren erregistroak lortu dira. Euskara irakasleen iritziak bildu dira, baita ere, eta zenbait gurasoren ahozko adierazpena aztertu da.
Ondorioak askotarikoak dira, aipatutako jakingaietatik, kontuan zein hartzen den. Horrela, eremu mistoko ikasleen eta euskalduna ez den eremuko ikasleen arteko harremanetan, komunikazio hizkuntza gaztelania da, nahiz eta euskara ere tartean egon, batez ere anai-arreben eta institutuko kideen arteko jardunean. Generoari dagokionez, ikusi du "mutilek euskara eta gaztelania nahasten dituzte interlokuzio bakoitzean, eta neskek, aldiz, bi hizkuntzak elkarrizketa beraren barruan nahasten dituzte". Euskarazko gaitasunaren proban lortutako emaitzei dagokienez, "euskal eremuan bizi diren ikasleek lortu dituzte emaitzarik onenak, eta talde horren barruan, neskek mutilek baino emaitza hobeak".

Gurasoen kualifikazio profesionala kontuan hartuz, ikerketak baieztatzen du beste hainbat azterketetan ikusten zena: familiaren barruan euskara erabiltzeak garrantzia handiagoa duela euskarazko gaitasun proben emaitzei begira gurasoen kualifikazio profesionalak baino.

Garbiñe Urreiztiren doktoretza tesiaren izenburua honako hau da: “Nafarroako D hizkuntza ereduko Batxillergoko ikaslen ahozko hizkuntza euskaraz”. Pablo Sotés Ruizek, Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak zuzendu du, eta kalifikaziorik onena lortu du, hau da, bikain cum laude.

Hutsak ahozko adierazpenean

13 institutuk ematen dute Batxilergoa euskaraz (12 publiko eta 1 kontzertatua), eta eremu euskaldunean eta eremu mistoan daude. Hamahiru horietako 10 institututako 375 ikaslek hartu dute parte ikerketan. Horietatik guztietatik, ahozko adierazpenaren azterketa sakonagoa egiteko, 104 ikasleren lagin bat hartu zen, eta kontuan hartu ziren Nafarroako hiru hizkuntza-eremuak, ikastetxea, generoa, Hizkuntza Eskola Ofizialaren ahozko proban lortutako emaitza eta ikasleen familia-tipoa.

Garbiñe Urreiztik azaltzen duen bezala, "lagineko ikasleen (104 ikasle) ahozko adierazpenaren azterketak eraman gaitu baieztatzera Nafarroako D ereduko ikasleek, Batxilergoko 1. ikasmailako ikasketak bukatu eta gero, hutsak egiten dituztela beren ahozko jardun formalean, bai euskara ohiko hizkuntza daukatenek, baita euskara ikasketetako hizkuntza daukatenek ere". Gainera, euskara ohiko erabilera hizkuntza daukatenek huts gehiago daukate hizkuntza-kategoriaren batean. Huts linguistikoei dagokienez, "ikasleen ahozko adierazpenak huts gehiago ditu arlo hauetan: Nor/nork deklinabide kasuen, emendiozko lokailuen, esaldiaren elementuen eta aditzaren erabileran".

Familiaren tipologiari dagokionez, "gurasoak euskaldunak izateak eta euskaraz eskolatuak izateak eragin positiboagoa dauka ahozko proba gainditzeko, gurasoak euskaldun izateak baina euskaraz eskolatuak ez izateak baino".

Halaber, ezberdintasunak daude huts-klaseetan eta huts-kopuruan, ikasleen ama hizkuntzaren eta bizi diren hizkuntza-eremuaren arabera. "Ama hizkuntza euskara dutenek, elebitasunezko egoeretan maiz erabiltzen den hizkuntzarteko estrategia erabiltzen dute: kodeen txandakatzea (code-switching). Euskara erabiltzen dutenean, bi hizkuntzak erabiltzea erabakitzen dute, arrazoi pragmatikoak direla medio; gaztelaniaz guztiz zabalduta dauden hitzak eta esamoldeak erabiltzen dituzte, hizkuntzaren erabileraren ikuspuntutik integratutzat hartzen direnak". Ama hizkuntza gaztelania dutenek ez ohi dituzte beti bi kodeak ongi bereizten: "beste hizkuntzaren elementuak erabiltzen dituzte, baina kodeen nahasketako hizkuntzarteko estrategia erabiltzen dute (code-mixing), hizkuntzaren ikuspuntu formaletik zuzena ez dena".

Oker hau azaltzeko garaian, ikertzaileak esaten du gaztelaniaren interferentzia dela ikasleek beren ahozko ekoizpenetan erakusten dituzten hutsen iturri nagusia. Hizkuntzen arteko eragin horretaz gain, beste hainbat estrategia agertzen da, hala nola orokortze faltsua, arauen hiperorokortzea, egituren nahasketa, egitura konplexuen saihestea eta markarik gutxien duen formaren erabilera.

Proba idatzia eta eskola curriculuma

Lanak proba idatziaren emaitza ere aztertu du, non baieztatzen baita ahozko ekoizpenean baino huts gutxiago daudela. Eremu euskaldunean eskolako elebidunek familiako elebidunek baino huts gutxiago egiten dituzte, esaldiaren elementuen erabileran eta hitzen ordenan izan ezik. Halaber, eremu euskalduneko familiako elebidunen eta eskolako elebidunen gurasoen ahozko adierazpenaren lagin bat aztertu zen. "beren ahozko adierazpena, den euskalkian dela, berezkoa, aberatsa eta etorri onekoa da. Alabaina, beren jardunetan ere huts linguistikoak daude. Gainera, beren adierazpenetan gaztelaniatik maileguan hartutako elementuak erabiltzen dituzte, hizkuntzaren ikuspuntutik integratutzat har daitezkeenak, esaterako ondoko termino hauek: claro, es que, hombre, a ver, o sea eta pues”.

Ikerketaren ondorioak ikusita, Garbiñe Urreiztik uste du beharrezkoa dela esku-hartze bat planifikatzea eta praktikan jartzea, eskola-curriculumaren barruan, euskarazko ahozko adierazpenaren kalitatea hobetzeko. "Honek eskatzen du hezkuntza ikastetxeak edo irakasleek jardun espezifikoak egitea, kontsideratuz ikasleek eskolan edo institutuan daukaten input-ak ahozko adierazpenean eragiten duela, eta azpimarratuz ahozko adierazpena berariaz ez lantzeak eragin negatiboa daukala ikasleen adierazpen gaitasunean".

Garbiñe Urreizti Lezertua Psikologian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, eta NUPen doktorea (2013). Gaur egun Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendaria da. Profesionalki Nafarroako hizkuntza eskola ofizialei lotuta dago 1989tik, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko saileko burua izendatu zutenetik. Nafarroako Euskara Batzordeko kidea da. Hogei argitalpen baino gehiago egin ditu (ikasleentzako euskarazko liburuak, euskara bigarren hizkuntza eta proposamen didaktikoak), eta hiru lan zientifiko dauzka erregistratuta.

Azken hamabi urteetan Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak sortu dituen hainbat batzordetan egon da, bai LOEk ezartzen dituen hizkuntza irakaskuntzaren maila guztietako curriculumak prestatzeko, baita maila hauen ebaluaziorako probak eta espezifikazioak prestatzeko ere.