Joan eduki nagusira

zoom Martin Razquin

Martin Razquin

Martín Razquin Lizarraga Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Zuzenbideko katedradunak liburu bat argitaratu du, eta bertan administrazio publikoek dituzten enpresa datuen babesa aztertu du. Iustel argitaletxeak argitaratu du liburua Ingeteam enpresarekin lankidetzan, eta Administrazioen gardentasun printzipioaren eta hirugarrenek bidegabeki erabil ditzaketen enpresa datuen beharrezko isilpekotasunaren arteko oreka bilatzeko beharrari buruz gogoeta egin du egileak. Liburuak bereziki aztertzen ditu konkurrentziaren babesa, kontratazio publikoa eta ingurumena.

Administrazio publikoek dituzten enpresa datuen kopuru eskerga da liburuaren abiapuntua. Hainbat administraziok abian jarri duten gardentasun politika dela-eta, Martin Razquinek uste du beharrezkoa dela bere mugen azterketa bat egitea, kasu honetan beste eskubide legitimo batzuei buruzkoa, hala nola enpresa datuen babesa. Hasiera batean, konkurrentzia libreari eta enpresa askatasunari lotua, enpresen berrikuntza ahaleginak bidegabe erabil daitezen galaraztea du xede.

Lan honen xedea da enpresek beren datuei dagokienez isilpekotasunerako daukaten eskubideari buruzko teoria orokor bat sortzea konkurrentzia librea babesteko, eta Europar Batasunaren sorrerako zuzenbidean eta zuzenbide eratorrian eta Espainiako Konstituzioak onartutako enpresa askatasunean oinarritu da. Katedradunaren iritzian zuzenbide autonomo eta orokor bat da, eta, horrenbestez, esparru guztietan aplikagarria izan behar du, Espainiako eta Europako araudiak eta jurisprudentziak erakusten dutenez.

Lehen atalean, enpresa datuak zer diren aztertzen da eta datu horiek noiz diren babesgarriak, eta beraz isilpean gorde beharrekoak. Finean, isilpekotasuna da ordenamendu juridikoak administrazio publikoen enpresa datuei ematen dien babesa, Razquinek sarreran esaten duenaren arabera, eta sarreran aipatzen du, halaber, eskubide horrekin batera, agintariek eta langile publikoek sekretu betebeharra daukatela, orokorragoa den isiltasun betebeharra baino harago doana.

Martín Razquinek bere lanean esaten du kontua ez dela enpresa datuen babeserako eskubidea eta herritarrek administrazioaren eskuetan dauden dokumentuak lortzeko duten eskubidea aurrez aurre jartzea. "Enpresen arteko berdintasuna eta konkurrentzia askea urratu nahi duten sarreren aurrean babes hori dagokion neurrian mugatzea da helburu bakarra", azaldu du egileak.

Alde horretatik, administrazio espediente, erregistro eta artxiboetara sarrera orokorra izateko eskubidea aztertzen duen atal bat dago liburuan, eta arauketa hori arlo bakoitzerako zehaztutako lege espezifikoen ordezkoa da.