Ezkerretik eskuinera, Emmanuel Rodríguez, Ángel Larrea, Begoña López Eransus, José León Paniagua eta Alicia Ezker
Sektore inmobiliarioaren krisia Espainian eredu ekonomiko baten krisia da, eta erantzukizunaren parte handi bat gobernuena da, bai nazionalarena bai tokikoena, negozioan oinarritutako etxebizitzaren politikak garatu dituztelako, gizarte eskubideetan oinarritutakoak garatu beharrean. Ideia horrekin bat egin zuten Burbuila inmobiliarioaren eztandaren ondoren, posible al da etxebizitzari buruzko gizarte politika Espainian? izenburupeko mahai-inguruan bildu ziren adituek, Conversaciones-Solasaldiak zikloa bukatzeko. Zikloa Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute.
Zikloaren azken solasaldiak Nafarroako Parlamentuko erabilera anitzeko gela bete zuen jendearen interesa piztu zuen. Begoña Pérez Eransus Gizarte Laneko irakasle titular eta NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrako zuzendariak koordinatu zuen mahai-ingurua. Gonbidatu hauek parte hartu zuten mahai-inguruan: José León Paniagua Caparrós, FOESSAko eta Madrilgo Gazteriaren Kontseiluko Etxebizitza Gaztearen Behatokiko lankidea; Emmanuel Rodríguez López, Madrileko Metropoli Behatokiari eta Commons Fundazioari atxikia ; eta Ángel Larrea Pérez, Nafarroan Hipotekak Kaltetuen Plataformako kidea. Alicia Ezker kazetaria izan zen saioaren moderatzailea.
Gaiari sarrera emateko, Begoña Pérez Eransusek familia askok etxebizitzaren inguruan bizi duten dramari sormenez betetako irtenbideak bilatzeko apustua egin zuen, eta adierazi zuen, une honetan, instituzio publikoek "onenak eman behar dituztela" eta gizarteari itzuli haiengan egiten den inbertsio publikoa. Izan ere, "hori egiten saiatzen ari gara Unibertsitatetik, etxebizitza moduko gertaerak aztertuz eta ebaluatuz, politika jakin batzuen ondorioak aurreikusiz, arriskuei buruzko arreta emanez eta profesionalak prestatuz esku-hartze sozialeko gaietan, baztertutako kolektiboekin jarduteko".
José León Paniaguak FOESSA (Fomento del Estudios Sociales y de Sociología Aplicada) Fundazioaren azterlan baten emaitzak aipatu zituen. Azterlan horretan etxebizitzaren sektorea aztertu da 2007 eta 2013. urteen artean, eta produkzio eredu kuantitatiboa, etxebizitza jabetzakoa, etxebizitza publikoa ezabatua duena, hondarreko alokairua eta bigarren etxebizitza sendoki produzitzen duena erakusten du. Paniaguaren ustez, eredu hori sustatu da politika publikoetatik eta ondorio sozial eta ekonomiko larriak ekarri ditu: esaterako, familien zorpetze handia, eta gainera, erraztu egin du ustelkeria politikoa areagotzea.
"Arazoa da ez dugula horretatik ezer ikasi, -adierazi zuen-, urtean 50.000 etxebizitza produzitzen jarraitzen dugu eta eraikitzeko prest dagoen lurzoru urbanizatu mordoa dago, eta egungo Etxebizitza Planari begiratzen badiogu, ikusten dugu helburua sektorea sendotzea dela, ahal denean aurreko eredura itzultzeko". Alternatiba gisa, Paniaguak soilik alokairua sustatzearen aldeko apustua egin zuen, zenbait hiriguneren leheneratze integralak sustatzea eta etxebizitzarako eskubidearen kontzeptua garatzea giza eskubideen ikuspuntutik.
Egoera Nafarroan
Ángel Larrea Pérez, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kideak bere hitzaldia kanporatzeen eta kaleratzeen dramaren inguruan egin zuen, Espainiako beste gune batzuetan bezala bizi baita Nafarroan "erantzule jakinak dituen iruzur orokor" gisa kalifikatu zuen egoera. Larreak azaldu zuen ezin direla herritarrak erantzule egin, "horiek ari baitira ordaintzen, beste batzuk ondoriorik pairatu gabe doazen artean", eta politika publikoak eta finantza sistema nabarmendu zituen. "Ez da izan aukera aske bat, politika publikoak eta fiskalitatea erostera hutsera bideratu dira. Zorpetzea beste aukerarik ez zegoen. Eta finantza entitateek hori bultzatu dute eta negozioa egin dute abusuzko baldintzekin, egiazko aberats-asmoarekin, eta nahita egindako nahasgarritasunarekin".
Larrea oso kritiko azaldu zen Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikekin. "Etxebizitzaren gaia negozio giza eta ez zerbitzu gisa tratatu du eta tratatzen jarraitzen du -esan zuen-. Etxebizitzei buruzko Foru Legea, ekainean Nafarroako Parlamentuan onetsitakoa, gure ustez gutxienekoena zena, ez du aintzat hartzen aipatu ere egiten ez duen dekretu baten bidez, ez aplikatzeko. Nafarroako Gobernua sentiberatasun falta ikaragarria ari da erakusten gai honekin, kaleratutako familia mordoa egoera larrian dauzkagula eta jabetza publikoko ehun etxetik gora hutsik daudela".
Larreak hau erantsi zuen: "Gobernuen ezer ez egite horren aurrean" herritarrak izan dira irtenbideak eman behar izan dituztenak, esaterako alokairua sustatzea, Hipotekaren Legea aldatzea eta zorraren truke etxea ematea atzeraeraginez. "Horrek finantza sistema hondaratuko lukeela diote - zehaztu zuen-, baina finantza sistema berez hondoratu da. Guk esaten dugu hori ekonomikoki bideragarria dela. Zorraren truke etxea ematea Espainia osoan, esaterako, Bankiaren erreskatea kostatu zaiguna baino gutxiago balio du. AEBetan eta Europan beste irtenbide batzuk ematen ari dira; hemen ez, hemen dena baliogabetzen da, ustelkeria, delitu fiskalak... aldiz, inoiz ez da baliogabetzen gizarte heriotzara zigortutako familia askoren zorra".
Azkenik, Emmanuel Rodríguez López, Madrilgo Behatoki Metropolitanokoa eta Komunen Fundazioko kideak nabarmendu zuen burbuila inmobiliario espainiarra ez dela soilik Espainian gertatu, Europan ere gertatu dela, espainiar zoruetan hainbat herrialdetako inbertsoreen dirua bildu baita. Rodríguezek berriz esan zuen politika publikoek egoera hori erraztu dutela, zerga, ingurumen, zoru, lan publiko arloko neurrien bidez, "eta okerrena da etorkizunerako ere gauza bera proposatzen digutela, ziklo inmobiliario berri bat, nola gauzatuko den ikusteko dagoena".