Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Robert Schumann konpositorearen zenbait liederren orkestazio lantegi baten partiturak argitaratu ditu. Lantegia Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin (NOS) lankidetzan antolatu da. Sarrera irekiko argitalpen honetan jasotzen da udako ikastaro honetara etorri ziren ikasleak egindako lanaren sailkapen bat, eta helburua da jendearen eskura jartzea musika zaleentzat eta musika irakasle ikasleentzat interesgarria den material bat. Aukera ematen du liederren interpretazioa entzuteko Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin egin zen ikastaroaren amaierako kontzertu batean. Liburua http://www.unavarra.es/publicaciones/ webgunean dago ikusgai.

Unibertsitateak joan den irailean argitaratu egin zuen "Mahler denentzat", 2011ko udan izan zen ikastaro baten barruan egin zen musikari horren “lieder” orkestazioen lantegi baten partiturak biltzen zituena. Lan berri hau formatu bereko bigarrena da, eta honako hauek biltzen ditu: partitura orokor bat, Robert Schumannen “lieder” orkestazioen zatiak, eta Musikaren Hirian egin zen ikasturte amaierako kontzertuaren esteka bat. Kontzertuan jatorrizko bertsioak eta ikastaroan parte hartu zuten ikasleek egindako orkestazioak interpretatu ziren.

Ikastaroaren zuzendari akademikoa Marcos Andrés Vierge, NUPeko Musika irakaslea, izan zen; aldiz, “lieder”orkestazio lantegia eman zuen Joseba Torre Alonso konpositore, orkestra zuzendari eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolako irakasle denak. Argitalpen honen sarreran, Marcos Andrések nabarmentzen du Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta Nafarroako Goi Mailako Musika Eskolako Abesbatza Katedraren borondatezko parte-hartzea. Era berean, esker ona adierazten die kontzertuan parte hartzeagatik Maite Ascunce piano katedradunari eta Iñaki Fresán baritonoari.

Argitalpen honetan Schumannen hogei “lieder” aurkezten dira, bereziki laburrak direnak, eta horrek orkestaziorako erraztasuna eman beharrean, moldatzaileari arreta handia eskatzen dio bakoitzak beren jatorrizko idazkeran dauzkan xehetasun guztiak zaintzeko, Marcos Andrések sarreran azpimarratzen duenez. "Testuen irakurketak, kanturako eta pianorako jatorrizko lanaren entzuketak eta, azkenik, udako ikastaroaren emaitza gisa aurkeztutako orkestazioak, esperientzia estetiko anizkoitza sorrarazten du", dio bukatzeko.