Euskaltzaindiako lehendakari eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Andrés Urrutiak hasiera eman die gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoan "Euskara gobernuko goi erakundetan Historian zehar" izenburupean egiten ari diren Nazioarteko Jardunaldiei. Haren hitzaldian, Urritiak azrtertu ditu euskararen corpusa eta estatusa Zuzenbidearen alorrean, ikuspegi iurilinguistikotik.
Jardunaldiak Geografia eta Historia Sailak antolatu ditu eta koordinatzaileak Juan Madariaga, Historia irakasle titularra NUPen eta Álvaro Adot historialaria dira; azken hau ikerketa proiektu batean dabil Columbia University unibertsitatean, New York (AEB). Hitzaldiak irekita daude jende guztiarentzat eta bihar asteazkenean jarraipena izanen dute Nicolás Oresme Aretoan, Gurbitzak eraikinean, 9:00etatik 13:30era.
Asteazkeneko saioak hasteko hitzaldiaren izenburua da “Trantsizio politikoak eta aldaketak euskararen estatus juridikoan XIX. eta XX. mendeetan zehar. Hegoalde: ikasgaiak etorkizunari begira!", eta aurkeztuko dute Iñigo Urrutia UPV/EHUko administrazio-zuzenbideko irakasleak, eta Xabier Irujo Nevadako unibertsitateko Historia irakasleak Center for Basque Studies zentroan, (AEB). Ondoren, 10:00etan, Roldán Jimeno NUPeko Zuzenbideko irakasle titularra, “Nafarroako Errege Kontseilua eta euskara XVII. mendearen erdialdeko prozesu baten argitara” gaiaz mintzatuko da.
Atsedenaldiaren ondoren, 11:30ean Eneritz Zabaleta Zuzenbideko irakasleak, Pabeko eta Pays de l’Adourreko Unibertsitatean (Frantzia), hitzaldi hau aurkeztuko du: “Euskararen egoera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: diagnosia eta gako soziolinguístiko eta juridikoak”. Jardunaldiei amaiera emango die Joseba Intxausti, Euskaltzaindiako kide eta “Euskararen historia soziala” izeneko proiektuaren koordinatzaileak.