Joan eduki nagusira

zoom Gazteak laborategian lanean

Gazteak laborategian lanean

Santo Tomás ikastetxeko DBHko 4. ikasmailako hogeita bi ikaslek parte hartu dute gaur NUPek Zientziaren Asteak direla-eta antolatu dituen "Esperimentatu kimikarekin" lantegietako lehenengoan, eta Alaitz (Barañain), Santo Tomás (Iruñea) eta Santa Luisa Marillac (Barañain) BHIetako 70 gazte ekarriko ditu hiru egunean Unibertsitatera. Lantegien helburua da ikasleek ikertzaileen lan-metodoa zein den ezagutzea, hipotesiak proposatzea, emaitzak behatzea eta ezagutzak sakontzea.

"Naturaren koloreak" lantegian landareen pigmentuak bereizi dira geruza fineko kromatografiaren arabera. Jesús Echeverría Morrás eta Rodrigo Nieto zuzendu dituzte ikasleak jarduera honetan, eta kalabaza, ziazerba eta tomatea bezalako barazkiei kolorea ematen dien pigmentuak nola ateratzen diren ikasi dute. Gazteek hainbat materialekin eta tresna espezifikorekin esperimentatu dute.

zoom Jesús Echeverría irakaslea jarduera azaltzen

Jesús Echeverría irakaslea jarduera azaltzen

Echeverríak esan duenez, zientzialaria edo ikertzailea izateko ezinbesteko baldintza "jakin-nahia izatea da, jakiteko gogoa izatea, gauzak nola eta zergatik gertatzen diren jakin nahi izatea. Lehenik eta behin, parte-hartzaileei azaldu die eman beharreko urratsak zein diren: landareei kolorea ematen dien pigmentuak ateratzea, pigmentu edo koloragarri desberdinak bereiztea, eta, azkenik, emaitzak konparatzea. Jarraian, bikoteka, laborategiko hainbat lanpostutan banatu dira eta prozesuaren hurrenez hurrengo urratsak bete dituzte.

Bereizketa kromatografikoa substantziak bereizteko eta analizatzeko metodo bat da, eta zientziaren hainbat arlotan aplikatzen da, hala nola medikuntza, biologia, kimika eta biokimika. Bereizketa egiteko disolbatzaile bat erabiltzen da, eta silika gelezko plaken gainean, kapilar baten bidez, lagina aplikatzen da. Minutu batzuk itxaron behar da disolbatzailea lurruntzeko eta barazki bakoitzari bere azken kolorea ematen dioten pigmentu desberdinetako orbanak agertzen hasteko.

Ikasleek beren esperimentuen emaitzak konparatu dituzte, eta horretarako neurketak egin behar izan dituzte, esate baterako, disolbatzaileak eta pigmentu bakoitzak plaka kromatografikoan egindako distantziarena.


Zientziaren asteak


Zientziaren Asteen edizio honetan hiru kimika lantegi eskaini zaizkie ikastetxeei: "Naturaren koloreak", "Tiki-taka, tiki-taka, laranja zukuaz ibiltzen den erlojua" (elektrokimikako oinarrizko printzipioak) eta "Oxigenoarekin jolasten" (gas bat lortu eta biltzea uraren desplazamenduaren bidez).

Zientziaren asteak Nafarroan egingo dira aurten azaroaren 7tik 17ra. Hori dela-eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez, hainbat jarduera antolatu ditu, eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak-Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu ditu. Bere helburua da herritarren kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta teknologia berrikuntzako jarduerei buruz.

Programa osorik webgune hauetan dago: www.unavarra.es eta www.semanasciencianavarra.org