"Lurrean hainbeste arazo, eta espazioan ikertu? Espazioko ikerketa: joan-etorriko bidaia?" izeneko mahai inguruan bildu ziren atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan espazioaren sektoreko hainbat aditu: espazio agentziak, ikerketa zentroak, unibertsitateak eta kudeaketa politikoan jarduten duten karguak; izan ere, gaiari buruzko ikuspegi osatua eskaini zuten. Bereziki zehatza izan zen Pedro Duque astronauta. Espainiak (ESA) Europako Espazio Agentziari ekarpenean ezarritako murrizketei buruz galdetu ziotenean, adierazi zuen "ez soilik ESAn, Europako edozein kaletan ere, espainiarra zarela aipatzen denean, jendeak ikusten du espazioko ikerketan inbertitzeari uztea Espainiak bere etorkizunean sinisten ez duelako froga dela, eta hortaz, ez dela ona Espainian inbertitzea".
Pedro Duquek, gaur egun Hegaldien Operazio Bulegoaren buru Europako Espazio Agentzian, parte hartu zuen lehenik saioan, bideokonferentziaren bidez Coloniatik (Alemania). Espazioko ikerketan inbertitzearen beharrari dagokionez, gogorarazi zuen, lehenik eta behin, botere publikoak direla ezarri behar dituztenak jarraibideak eta estrategiak, ondoren, hortik abiatuta, ikerketa zentroek, unibertsitateek eta enpresek lan egin dezaten, ondoren herrialdera itzuliko den teknologia eta industria garatzen. "Estatuek ez dute baliabide gehiegi erabiltzen espazioan; Espainian hiru bat euro biztanleko eta urteko gastatzen dira, eta hori ez da kopuru handia beste inbertsio batzuekin alderatuz gero. Eta itzulkina, hainbat urte igaro behar badira ere, bermatua dago. Espazioan inbertitzen duten herrialdeak esportazio industria edukitzen bukatzen du, eta itzulkina hasieran inbertitutakoa baino askoz handiagoa da".
Ideia hori bera azaldu zen berriro Espainiak ESAri egindako ekarpenean ezarritako murrizketei buruz galdetu ziotenean. Duquek azaldu zuen inbertitzeari uztea Espainiak bere etorkizunean sinisten ez duelako froga gisa ikusten dela, eta hortaz, ez dela ona Espainian inbertitzea. “Batzuetan, irudia, dagoen guztia da —azaldu zuen—. Hori irauli beharra dago, bestela sorgin-gurpil batean gaudelako". Horren harira, botere publikoak aipatu zituen, "kontua da erabakitzea zer nahi dugun eta horrekin kontsekuente izatea" azpimarratu zuen.
Bestalde, 2014. urteko bigarren erdian joera aldatu ahalko delako esperantza agertu zuen, "zeren bestela, etorkizuna galduko baitugu".
Bestalde, Europako Espazio Agentziako lana eta parte hartu duen zenbait proiektu azaltzeaz gainera, hiri eta unibertsitate txikietan ikerketa eta espazio garapena lantzeko dagoen ahalmenaz mintzatu zen. "Badira egin daitezkeen gauzak, eta azken 25 urteotan asko garatu den industria bat ere; badira zenbait ikerketa-zoko industriak egiten duenetik gorago daudenak, eta lan zehatzak dituzten industriak ere bai, baina beti egongo da sabai bat: industria haz dadila, zeren oso txikia bada, edo hazi edo desagertu besterik ez baitauka".
Espazio ikerketa eta eguneroko bizimodua
Pedro Duqueren parte hartzearen ondoren, Miguel Ángel Gómez Laso Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko irakasle titular eta saioaren koordinatzaileak hitza eman zion Marco Guglielmi Ingeniari Elektronikoa eta Teknologia Estrategien Koordinazio Atalaren zuzendariari (Europako Espazio Agentzia). Oso labur, azaldu zuen zer den ESA eta zein diren haren jarduteko modua eta finantzabidea. Agentziaren baliabide ekonomikoak kide diren estatuen ekarpenetatik datoz, eta ekarpen horren arabera, ondoren inbertsio itzulkina jasotzen dute estatuek. "Estatuen dirua banatzen zaie unibertsitateei, ikerketa zentroei eta industriei, eta horrek itzulkina industriala eta zientifikoa sorrarazten du. Inbertitzen denaren % 80a industria eta ikerketa kontratu gisa itzultzen da", azaldu zuen. Guglielmik aipatu zituen baita aurreko urteetan egindako espazio ikerketari esker posible diren eguneroko aplikazioak ere: ozono zuloa behatzeko aplikaziotik hasita, meteorologia, energia berriztagarria, aldaketa klimatikoa, nekazaritza, garraioa, eta segurtasuna bezalako esparruetarako aplikazioetaraino. ESAk gaur egun plantillan 2.200 enplegatutik gora dauzka eta 4.000 milioi euroko aurrekontua kudeatzen du. Hala ere, Europan 32.000 pertsona baino gehiagok jarduten du espazio sektorean.
Bestalde, Vicente Boria Valentziako Unibertsitate Politekniko katedradun eta Valentziako Espazio Partzuergoaren Batzorde Betearazleko buruak azaldu zuen unibertsitateek espazio ikerketan egiten duten ekarpena: telekomunikazioak, fisika, aeronautika, informatika, topografia, eta biologia diren moduko gaien irakaskuntzaren eta ikerketaren esparrutik hasita, berrikuntza eta teknologia eta jakintza bestetaratzeraino. Aipatu zituen unibertsitateek, enpresek eta ikerketa institutuek espazio ikerketari egindako zenbait ekarpen eta unibertsitateek I+G espazialean daukaten zeregin aktiboa defenditu zuen.
Azkenik, hitza hartu zuen Juan Carlos Cortések, Ingeniari Aeronautikoa eta CDTIren Nazioarteko Programen zuzendariak (Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroa). Espainian egiten den espazio jardueraren % 85 kudeatzen duen organismo honen helburu nagusia da enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea handitzea teknologiaren bidez. Cortések datuak eman zituen espazio ikerketaren eragile garrantzitsuenei buruz, eta esan zuen 2014an Europar Batasunak bigarren lekua beteko duela AEBren ondotik. Ondorioetan, honela adierazi zuen: "inbertsio publikoa ziurtatu behar da epe luzera, sektoreari egonkortasuna emateko; inbertsio pribatua ere sustatu behar da eta administrazioen arteko koordinazioa sendotu beharra dago".
Conversaciones-Solasaldiak zikloa Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin jarduerak garatzeko sinatu zuten lankidetza hitzarmenean kokatzen da. Lau hitzaldi izango dituen ziklo hau azaroaren 27an bukatu da honako mahai inguru honekin: "Burbuila inmobiliarioaren eztandaren ondoren, posible al da etxebizitzari buruzko gizarte politika Espainian?". Saio guztiak bideoz grabatzen dira, eta hitzaldiak zikloaren web-orrialdean ikusteko aukera dago