Joan eduki nagusira

Nola justifikatzen da espazioan ikertzeko inbertsioa, Lurrean arazoak falta ez diren artean? Egiazki onuragarriak dira guretzat gure eguneroko bizitzan, gugandik hain urruti gertatzen diren gauzak konpontzeko egiten diren ikerketak? Horiei eta beste galdera batzuei erantzuten saiatuko dira adituak Conversaciones-Solasaldiak zikloaren hirugarren saioan. Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatua dago, eta asteartean, azaroaren 5ean, egingo da 19:30ean NUPeko Sario eraikineko 04. gelan. Mahai inguruan, bideokonferentzia baten bidez, parte hartuko du Pedro Duque astronautak, egun Europako Espazio Agentzian aritzen denak, non Hegaldien Operazio Bulegoaren burua baita.

Izenburua "Lurrean hainbeste arazo, eta espazioan ikertu? Espazioko ikerketa: joan-etorriko bidaia?" da, eta mahai inguruak aukera emango du ezagutzeko espazioaren sektorean dauden rolekin identifikatzen diren pertsonen ikuspegia: espazio agentziak, ikerketa zentroak eta haien guztien harremana enpresa pribatuekin administratzen duten kudeaketari politikoen karguak.

Miguel Ángel Gómez Laso Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko irakasle titularrak koordinatuko du saioa. Gonbidatutako hizlariak honako hauek dira: Pedro Duque, Ingeniari Aeronautikoa eta astronauta Europako Espazio Agentzian; Marco Guglielmi, Ingeniari Elektronikoa eta Teknologia Estrategien Koordinazio Atalaren zuzendaria (Europako Espazio Agentzia); Vicente Boria, Telekomunikazio ingeniaria eta Valentziako Espazio Partzuergoaren Batzorde Betearazleko burua; eta Juan Carlos Cortés, Ingeniari Aeronautikoa eta CDTIren Nazioarteko Programen zuzendaria (Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroa). Jesús Rubio kazetaria izango da hitzaldiaren moderatzailea.

Egin daiteke espazio ikerketa gure unibertsitateetan, edo soilik Espazio Agentzien afera da? Zein da edo izan behar luke gure politikarien jarrera espazio ikerketaren aurrean? Zein zeregin betetzen dute espazio agentziek, sektoreko enpresa pribatuek, ikerketa zentroek eta administrazio publikoak? Gómez Laso irakasleak azaltzen duenez, "solasaldi honetan galdera hauei erantzungo zaie eta saiatuko gara azaltzen zergatik den hain garrantzitsua ikerketa espazioan eta laguntzen duen aurrerapen ekonomikoan eta sozialean. Garrantzitsua da gizarteak ulertu ahal izatea ikerketaren balioa orokorrean, eta zehazki espazio ikerketaren balioa".

Conversaciones-Solasaldiak zikloa Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin jarduerak garatzeko sinatu zuten lankidetza hitzarmenean kokatzen da. Bere izenak berak erakusten duenez, saioen helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egin dezatela gaurkotasuneko gaiei buruz. Lau hitzaldi izango dituen ziklo hau azaroaren 27an bukatu da honako mahai inguru honekin: "Burbuila inmobiliarioaren eztandaren ondoren, posible al da etxebizitzari buruzko gizarte politika Espainian?". Saio guztiak bideoz grabatuko dira, eta hitzaldiak zikloaren web-orrialdean ikusteko aukera dago