Hamabost ikastegik parte hartuko dute urriaren 25 eta 26an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duten Batxilergoko IV. Eztabaida Torneoan. Eztabaidarako aukeratutako gaia honako hau da: Gerrak beharrezkoak dira bakea egoteko? Lehen aldia eta finalaurrekoak NUPen Arrosadiko campusean izango dira, eta urriaren 26ko, larunbateko finala Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan.
Torneoan Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxeek parte hartzen ahal dute. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak. Denak izango dira Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleak. Torneoko irabazleen saria tableta elektroniko bana izango da, eta bigarren sailkatzen direnena, liburu elektroniko bana.
Honako hauek dira torneo honetan parte hartuko duten ikastetxeek: Barañáingo BHI, Plaza de la Cruz BHI, Nuestra Señora del Huerto, San Cernin, Hijas de Jesús, Santa Teresa, El Redín, Calasanz-Escolapios, Basoko BHI, Ribera del Arga BHI (Peralta), Marcillako BHI, Nuestra Señora del Puy BHI (Lizarra), Miravalles, Santo Tomás-Dominicas eta San Ignacio.
Txapelketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Nafarroako ikastetxe publiko eta kontzertatuetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Aldez aurretiko prestakuntza eta lehiaketa
Izena eman duten ikasleek prestakuntza-saio batzuetan parte hartu dute joan den asteburuan, orientatzeko eta lehiaketari buruz sor litezkeen zalantzak argitzeko. Taldeak ostiral honetatik hasita lehiatuko dira, eta aurretik zozketatuko diren aurkako jarrerak defendituko dituzte, hitz-txanda itxien bidez (hasierako adierazpena, bi erantzun eta ondorioak). Hitz txanda hauek, gehienez ere, 26 minutukoak izango dira (13 talde bakoitzarentzat).
Aurtengo edizioan epaimahaiaren puntuazio-irizpideak aldatu dira. Oraingo honetan ondorengo hauek balioetsiko dituzte: sarrera, erantzun eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begiraegokia izatea, eta zalutasuna erantzutean.