Joan eduki nagusira

zoom Esteban Gorostiaga (ezk.), Fernando Rodríguez, Mikel Izquierdo, Leocadio Rodríguez eta Elena Andradas hizlariak Amaia Madinabeitia kazetari eta moderatzailearekin batera.

Esteban Gorostiaga (ezk.), Fernando Rodríguez, Mikel Izquierdo, Leocadio Rodríguez eta Elena Andradas hizlariak Amaia Madinabeitia kazetari eta moderatzailearekin batera.

"Frogatuta dago ariketa fisikoa eta sendagaiak antzekoak direla heriotza-arriskua murrizteari dagokionez". Baieztapen honekin hasi zuen atzo Mikel Izquierdo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisioterapia katedradunak ariketa fisikoari eta osasunari buruzko mahai-ingurua. Conversaciones-Solasaldiak zikloko bigarren hitzaldi honen koordinatzailea del aldetik, datu batzuk azaldu zituen mahai-inguruaren gaiari heltzeko. Ariketa fisikoa eguneroko ohitura bihurtzeko beharra azpimarratu zuten aditu guztiek, ez soilik osasuna hobetzen eta gaixotasunei aurrea hartzen laguntzen duelako, baizik eta ariketarik ez egiteak eta sedentarismoak dakarren kostu ekonomiko handia saihestuko lukeelako.

Hizlariek nabarmendu zuten intentsitate arineko jarduera fisikoa nahikoa dela, gure osasunak haren onurak izan ditzan. Egunean 60 minutu ibiltzea eta astean bitan 30 minutuz indar ariketak egitea aholkatu zuen Esteban Gorostiaga Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntza Zentroaren zuzendariak. "Azken 30 urteetan izugarrizko garapena egon da eta hainbat ikerketak ongi egindako ariketa fisikoaren onurak frogatu dituzte, bai gaixotasunen tratamendurako, bai gaixotasunei aurrea hartzeko", azaldu zuen. Gaixotasunen artean ez zituen soilik gaixotasun kardiobaskularrak eta diabetea bezalako gaixotasun kronikoak aipatu, baizik eta bularreko minbizia, depresioa, atrofia etab. izateko arriskua.

Testuinguru honetan, esan zuen Nafarroa aldeko egoera batetik abiatzen dela hiru arrazoi hauengatik: Azterketak eta ikerketa egin dituzten profesional asko daude osasun arloan eta unibertsitateetan, "Garrantzi handiko giza kapital bat, elkarrekin harremanak dituena eta zer egin behar den badakiena"; halaber, plan gidari bat abian jarri da, kardiopatiak edo gaixotasun kardiobaskularrak dituzten gaixoekin. Ariketa fisikoaren bidezko tratamentua ematen zaie, ospitaletatik kanpo, prestatuak dauden monitoreekin; eta ariketa fisikoa lehentasunezko ildoa izango da Osasun Planean. Alde horretatik, Mikel Izquierdok azpimarratu zuen "badakigula zer egin behar den, ahalegin txikiarekin eta diru gutxirekin egingarria litzateke, baina lidergoa falta da, lidergoa hartu eta jardunak bultzatuko dituen norbait.

zoom Atzoko saioaren irudi bat

Atzoko saioaren irudi bat

Fernando Rodríguez Artalejo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Medikuntzako katedradunak eta Osasun Publikoko katedradunak hobeki bizitzeko bi gomendio emanez ekin zion bere hitzaldiari: ez erretzea eta ariketa fisikoa egitea. Agerian ipini zuen ariketa fisikorik eza dela osasun arloko desberdintasun askoren erroa. "Desberdintasun sozial gehien dituena gizentasuna da: zenbat eta txikiagoa errenta eta hezkuntza maila, handiagoa da gizentasuna. Eta antzeko zerbait gertatzen da ariketa fisikoarekin: zenbat eta errenta eta hezkuntza maila txikiagoa, ariketa fisiko gutxiago egiten da aisialdian. Hau bidegabea da osasun egoeran desberdintasunak sortzen dituelako". Intentsitate arineko jarduera fisikoa egunero egitearen eta maila guztietan jardutearen alde agertu zen, "esaterako, ingurumenean, gaixotasunek erraztasun gehiago izan dezaten ariketa egiteko".


Bizitza luzera eta ariketa


Adinekoen ariketa fisikoan jarri zuen arreta Leocadio Rodríguez Mañas Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko buruak bere hitzaldian, eta nabarmendu zuenez "zahartzea eta desgaitasuna ez direla gauza bera. Badago desgaitasunik gabeko zahartze bat eta hori da herrialde garatuen helburua". Mikel Izquierdok laurogeita hamar urtetik gorakoekin berriki egindako azterketa bat aipatu zuen. Hamabi asteko berariazko entrenamendua egin eta gero, adinekoek nabarmen hobetu zituzten beren indarra, potentzia eta gihar masa, bai eta beren gaitasun funtzionala ere. “Bizi kalitatea benetan baldintzatzen duena gaitasun funtzionala da, hauskortasunaren muina —azaldu zuen—. Zerk eragozten du hauskortasuna den desgaitasun arrisku hori? Ariketa fisikoa. Elikadurak laguntzen du, baina pixka bat bakarrik; adinekoengan, ariketak egiteak eragozten ditu hauskortasuna eta mendekotasuna". Hori dela-eta, nabarmendu zuen "ez dagoela adinik ariketa egiteari uzteko eta ezta egiten hasteko ere".

Bestalde, Elena Andradas Osasun Ministerioko Osasun Sustapen eta Epidemiologiako zuzendariorde nagusiak gogoratu zuenez, osasunari buruzko nazio mailako azken inkestaren arabera, Espainiako 15 urtetik gorako biztanleen % 77k, ez dute ariketa fisikorik egiten. Lehen arretako kontsulten % 80 gaixotasun kronikoei buruzkoa dira (ariketa fisikoaren bidez saihesgarriak lirateke neurri handi batean), eta 2011. urtean, Espainiako ospitaleratze gastuaren % 60k gaixotasun kronikoetan zuen jatorria, guztira 12.000 milioitik gora euro.

Andradasen iritzian, “herritarrek ez dute bere egiten ariketa fisikoaren eta osasunaren arteko lotura, jakitun izan behar bagenu ere, ariketa fisikoak osasuna hobetzen eta hobeto sentiarazten laguntzen duela”. Alde horretatik, bere buruari galdetu zion zer dela eta ez dugun ariketa osasun-sisteman eta gure eguneroko bizitzan sartzen, jakin badakigun arren onuragarria dela. "Gizarte eta kultura ikuspegitik kirol-praktikarekin bakarrik eta orokorrean goi mailako kirolarekin eta gazteekin egiten den kirolarekin lotzen da ariketa, edo soilik irudia zaindu eta argaltzearekin, baina ez osasunarekin", azaldu zuen. Kexu agertu zen oraindik ere osasuna sistemak oraindik ere gaixotasunean eta sendaketan jartzen duelako arreta, "baina osasun sustapenaren alorra falta da", eta aitortu zuen aliantza gutxi daudela osasun sustapenarekin lotutako arlo guztien artean: kirola, hirigintza, garraioa, ingurumena, etab. Egoera hau hobetzeko, esan zuen osasun gomendioak toki-esparruan dauden baliabideekin lotu behar dituela egungo estrategiak. Esaterako, ibilbide osasungarriak, hiri gimnasioak, kiroldegiak, etab, halako eran non inguruneak babestu behar baitu ariketa fisikoa egiteko agindua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak jarduerak batera garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatu da Conversaciones-Solasaldiak zikloa. Hitzaldien helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egin dezatela gaurkotasuneko gaiei buruz. Edizio honetan egindako hitzaldiak zikloaren web-orrialdean ikusteko aukera dago.