Juan Miguel Benito Ostolaza Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea saritua izan da Global Innovation and Knowledge Academy (GIKA) 2013 konferentzian, enpresetan estrategien diseinuaren garrantzia aztertzen duen artikulu batengatik. Lana Juan Alberto Sanchis Llopis ikertzailearekin batera (Valentziako Unibertsitatekoa) egin du; izenburua “Training strategic thinking: experimental evidence” dauka, eta berrogei herrialdetako 200 ikertzaile baino gehiagok aurkeztutako artikuluekin lehiatu zen.
Global Innovation and Knowledge Academy konferentzia berrikuntza eta jakintza gaietan gaurkotasuna duten erronkei buruz eztabaidatzeko plataforma bat da. Topaketa Valentzian egin zen joan den uztailean, eta Valentziako Unibertsitatearen eta Valentziako Unibertsitate Katolikoaren artean antolatu zuten.
Saritutako artikuluan azaltzen da portaera estrategikoa funtsezkoa dela enpresan emaitza onak lortzeko, bereziki inguru lehiakorretan. Enpresarentzat gakoa den estrategia baten diseinua pentsamendu estrategikoaren konbinazioan oinarritzen da; hau da: enpresaren inguru estrategikoa aztertzean, etorkizun ikuspegi baten definizioan eta konkurrentziari aurre egiteko ideia berriak sortzean, eta plangintza estrategikoan, ideia horiek negozio plan bat egiteko erabiltzen dituena. Enpresa asko onak diren arren plangintza estrategikoa egiten, oso gutxik ematen dute denbora nahikoa pentsamendu estrategikoa sustatzen, eta horrek eromen estrategikoa dakar; hau da: enpresek beti estrategia berdinak ezartzen dituzte, emaitza ezberdinak lortzeko asmoa duten arren.
Prestakuntza eta enpresa estrategia
Enpresa baten barnean inguru estrategikoa sustatzeko, garrantzitsua da langileek bat egitea enpresaren erabaki estrategikoekin, artikuluan azaltzen denez. Hala ere, langile guztiek ez dituzte hori egiteko behar diren ezagutzak, enpresa askok ez daukatelako langileen entrenamendu estrategikorako programarik.
Lan esperimental honetan erakusten da prestakuntzak nola eragiten dion enpresaren portaera estrategikoari. Lortzen diren emaitzak adierazten dute erabaki estrategikoen kopurua nabarmen areagotzen dela aldez aurretik prestatutako langileen taldean, prestakuntza gabeko langileen taldean ez bezala.
Artikulu honen egileen iritziz, pentsamendu estrategikoa ikasi egin daiteke eta ez da gizabanakoek berez duten zerbait soilik. Honek bidea ematen dio diskurtso zabal bati, prestatutako langileak kontratatzea edo esperientziaren bidez enpresan pixkanaka prestatzeari buruz. Ikerketa artikuluan dioenez, konkurrentzia handiko sektore batean kokatua dagoen enpresa batek jende estrategikoagoa beharko du hainbeste konkurrentzia ez duen sektore batean badago baino, horietan enpresek eta lehiakideek beti hartzen baitituzte erabaki berdinak.
Ikerketa lerroak
Juan Miguel Benito ordezko irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sailaren Analisi Ekonomikoaren Hastapenak Arloko irakaskuntzan. Ekonomian doktorea da NUPen, "Europako doktore" aipamena dauka, eta bere ikerketa lerroak dira jokoen teoria, portaeraren ekonomia eta ekonomia esperimentala. Hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu (liburuetako kapituluak eta artikuluak), eta Social Science Citation Index-en indexatutako aldizkarietan jasota daude gehienak.
Bost ikerketa proiektu lehiakorretan parte hartu du, izan ere, gehienak nazioarte mailakoak. Era berean, bere lanak aurkeztu ditu nazioarteko hogei biltzar baino gehiagotan. 2003. urtean Gazte Ikertzaileen Sariaren Akzesita jaso zuen Eskualdeko Ikasketen XXIX. Bileran.