"Zenbat eta ariketa fisiko gehiago egin, gaixotasun eta farmaziako gastu gutxiago. Zeren zain gaude?" Premisa honekin aurkeztu da urriaren 15ean, asteartean, Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan egingo den Conversaciones-Solasaldiak zikloko bigarren hitzaldia. Medikuntzako eta osasun publikoko hainbat ikertzaile eta adituk gai honi buruz eztabaidatu eta azken aldiko ikerketa batzuen emaitzen berri emango dute. Ikerketa horiek frogatu dute ariketa fisikoa egiteko programa batean parte hartu zutenek nabarmen jaitsi zutela osasun etxeetara egiten zuten bisita kopurua, fisikoki aktiboa ez den populazioaren bisita kopuruarekin alderatuta.
Mikel Izquierdo Redín NUPeko Fisioterapia katedraduna izango da mahai-inguru honen koordinatzailea. Hizlari gonbidatuak hauek dira: Leocadio Rodríguez Mañas, Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko burua; Fernando Rodríguez Artalejo, catedrático de Medikuntza eta Osasun Publikoko katedraduna (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa); Elena Andradas Aragonés, Osasun Sustapeneko eta Epidemiologiako zuzendariorde nagusia, Osasun Ministerioa; eta Esteban Gorostiaga Ayestarán, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa. Amaia Madinabeitia izango da hitzaldiaren moderatzailea.
Mikel Izquierdok azaldu duenez, sendagaien gastuarekin alderatuta, ariketak kostu txikia du eta ia ez du aurkako ondoriorik. "Nolanahi ere, ariketa fisikoak populazioaren osasuna hobetzen duela ebidentzia zientifiko bat bada ere, bere ondorioak ez dute aitorpenik jaso ez esparru sozialean, ez politikoan". Testuinguru honetan, hainbat galdera sortzen dira. Esaterako, "zeren zain daude medikuak ariketa fisikoa sendagai gisa agintzeko?, Noiz aginduko dute medikuek ariketa fisikoa astean bitan egitea gaixotasun kardiobaskularrei eta gaitasun funtzionala bezalako beste gaixotasun kroniko batzuei aurrea hartzeko eta tratatzeko?, Noiz egingo dira aldaketa sakonak, gure seme-alabek ariketa fisiko gehiago egin dezaten lehen hezkuntzatik hasita?" Bere iritzian, gauza asko daude egiteko, baina ariketa fisikoak XXI. mendeko pilula gisa dituen aukerak benetan pizgarriak dira.
Berriki, Espainiako ikertzaile talde batek azterketa bat argitaratu du. Azterketa horren arabera, nabarmen jaitsi da ariketa fisikoa egiteko programetan parte hartzen dutenen bisita-kopurua osasun zentroetara, fisikoki aktiboa ez den populazioak egindako bisita-kopuruarekin alderatuta. Halaber, asko aurreztu da osasun arloko kostuetan eta sedentarismoarekin lotutako gaixotasun berrien prebentzioan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak jarduerak batera garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatu da Conversaciones-Solasaldiak zikloa. Bere izenak berak erakusten duenez, saioen helburua da ikertzaileek eta adituek jardun irekia izatea beraien artean, eta, aldi berean, ikus-entzuleekin gogoeta egin dezatela gaurkotasuneko gaiei buruz. Zikloa lau hitzaldikoa da, eta azaroan jarraituko du gainerako bi hitzaldiekin. Bata, espazio-ikerketan inbertitzeko premiari buruzkoa, eta bestea, higiezinen burbuilak eztanda egin ondorengo etxebizitza arloko gizarte-politikari buruzkoa.