Nafarroako Unibertsitate Publikoak zenbait ikasle prestatuko ditu sexua edo substantzien kontsumoa bezalako gaien inguruan beren ikaskideei informazioa eman diezaieten eta ardura har dezaten. Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak sustatu du ekimena Gizarte Ekintzarako Unitatearen bidez, eta ekimenaren lehen helburua da Unibertsitateko Karpaz baliatzea diagnostiko bat egiteko, eta hurrengo esku-hartzeetan orientabide hobea eman ahal izateko. Proiektu honetan parte hartzeko interesa duten ikasleek izena emateko epea zabalik dute urriaren 11ra arte, Ikasgelategiko 025. gelan.
Gizarte Ekintzarako Unitateak bi bitartekari talde sortzeko asmoa dauka, talde bakoitza 15 eta 20 ikasle artekoa. Programa hiru orduko saioekin hasiko da, non sexualitateari eta kontsumoei buruzko prestakuntza, eta esku-hartzeko moduari buruzko jarraibideak emango baitzaizkie.
Heldu den urriaren 25ean egingo den Karparen aurreko egunetan, bitartekari bakoitza NUPeko bost ikaskiderekin harremanean jarriko da, eta substantzien kontsumoari eta sexualitateari buruzko informazioa emango die. Horretarako, zabaldu nahi diren ideia nagusiak jasotzen dituen fitxa bat eta Karpara eramateko pegatina bat emango dizkiete. Era berean, harremanean jarritako kide horietako bakoitzak beste kide bi gehiagori igorri behar die informazio hori.
Bitartekaritza aldi honetako bigarren jarduera izango da ikasleen portaerak behatzea Karpan eta ikasleek asteburuetan izaten dituzten beste jai gune batzuetan. Bitartekariek fitxa bat bete beharko dute, oinarritzat erabiliko dutena egoeraren diagnostikoa egiteko, eta hurrengo esku-hartzeetan orientabide hobea eman ahal izateko.
Ekimen honen azken aldian saio bat egingo da, non jasotako datuak aztertuko diren eta inguruko faktoreei buruzko hausnarketa egingo talde txikietan. Halaber, aurreikusten da behaketari jarraipena ematea udaberriko Karpan, lehen aldian jasotako datuetatik abiatuta. Bi seihilekoetan prestakuntza zikloa osatzen dutenei ECTS kreditu bat emango zaie.