

Ezkerretik eskuinera: Javier Sagaseta de Ilúrdoz, Íñigo Muro, Elena Aramendía, Laura de Antonio, Íñigo Amézqueta, Ander Sáez de Vicuña eta Gonzalo Eciolaza, NUPen
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Admininistrazio eta Zuzendaritzako Lizentziaturako (EAZL) ikasle-talde bat munduko 44 talde onenen artean sailkatu da Google Online Marketing Challenge lehiaketan. Unibertsitateko eta graduondoko ikasleek egiazko marketin jarduera batean esperientzia har dezaten sustatzea da mundu mailako lehiaketa honen helburua. Edizio honetan, lehiaketak 84 herrialdetako ia 10.000 ikasle bildu ditu, guztira 2.453 taldetan.
M. Elena Aramendía Muneta (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea) izan da taldearen zuzendaria eta taldea, alfabetoaren hurrenkeran, honako hauek osatzen dute: Íñigo Amézqueta Cía; Laura de Antonio Latienda, taldearen burua; Gonzalo Eciolaza Ferrando; eta Íñigo Muro Larumbe. Chollón (www.chollon.es) deskontu kupoien salmentan espezializatutako online enpresa batentzat diseinatu zuten online marketineko kanpaina.
Hain zuzen, enpresa nafar bat da Chollón, NUPeko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako bi lizentziadun hauek buru dituena: Ander Sáez de Vicuña Blanco eta Javier Sagaseta de Ilúrdoz Solchaga.
Adwordsi buruzko ezagupen sakonak frogatu zituzten kanpainen egileak ziren 44 taldeen artean dago NUPeko taldea, Europako beste 20 talderekin, Amerikako 15 talderekin, Ekialde Hurbileko eta Afrikako 4 talderekin eta Asia-Pazifikoa eskualdeko 4 talderekin batera.
Googlek antolatutako online marketineko lehiaketa honetan onenen artean daude bosgarren aldiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeak.
Hiru astetan 250 euro gastatzea
Lehiaketa honen mekanika honako hau da: ikasleen taldeek 250 dolarreko (190 bat euro) poltsa eskuratzen dute, hiru astetan gastatu behar dutena, Google Adwordsen bidez online egiten den publizitate eta marketin zuzeneko kanpaina batean. Talde bakoitzak tokiko enpresa bat aukeratu, eta Interneten bidezko marketin kanpaina diseinatu eta garatu behar du. Halaber, antolatzaileei bi txosten aurkeztu behar dizkie, ingelesez, bat erabiliko duen estrategiari buruzko kanpainaurrerako eta beste bat kanpaina ondorako. Talde bakoitzaren emaitzak eta txostenak mundu osoko akademikoek osatutako epaimahai independente batek epaitu ditu.
Google Online Marketing Challenge lehiaketak aurten bosgarren edizioa bete du, eta Asociación Americana de Marketing elkarteak, Marketing Education Awards sarien barnean, bikaintasun berritzailea eta hezkuntza oihartzuna aitortzen dizkio.