Itziar Irazabal Zuazua Irakasletzan diplomadun eta Psikologian lizentziadunak azterlan bat egin du nerabezaroaurreko gazteek egiten duten Interneten eta sare sozialen erabilerari buruz. Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza tesian "aurkitu dira zenbait portaera, egiazko alarma seinalea piztekoak. 11 urte inguruko neska-mutilak diren arren, hamarretik bat inguru ezagutzen ez dituen lagun birtualekin erlazionatzen da, eta kasuen % 5,6tan hitzordu fisikoa egin dute ezezagunekin".
Bere ikerketa burutzeko, Itziar Irazabalek Nafarroako hainbat ikastetxetan Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako prebentzio programa bat abian jarri zuen. Guztira, 10 eta 12 urte arteko 364 nerabezaroaurreko gaztek parte hartu zuten. Ebaluazio aldian informazioa jaso zen honako hauei buruz: ezaugarri demografikoak, Interneten erabilera azturak eta ikasleek sarean garatzen zituzten portaerak. Ondoren bi prestakuntza saio eman ziren eta beste bi ebaluazio egin ziren —bata saioak bukatu eta berehala, eta bestea handik sei hilabetera—, frogatzeko zer ikasi zuten ikasleek.
"Interneten arrisku portaeren prebentzio programa baten eraginkortasunaren ebaluazioa: azterlan bat Nafarroako Lehen Hezkuntzako 6. mailako nerabezaroaurreko gazteekin" da tesiaren izenburua. Tesiak bikain kalifikazioa erdietsi du eta NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Javier Fernández Montalvo eta Alicia Peñalva Vélez irakasleek zuzendu dute.
Interneten erabilera masiboa da aztertu diren nerabezaroaurreko gazteen artean. Izan ere, batez beste ordubete ematen dute egunean sarean konektatuta. Nabarmentzen den alderdietako bat da sexuaren arabera aurkitu den desberdintasuna. Neskek gehiago erabiltzen dute Internet sare sozialetan sartzeko (posta elektronikoa, sare sozialak, etab.); aldiz, mutilek beste erabilera bat ematen diote, esaterako, online jokoetan sartzeko.
Jazarpen zibernetikoa eta alarma seinaleak
Ikerketaren egilearen ustez, hezkuntza komunitatean eta familia inguruan alerta piztu behar da 11 urte besterik ez dituzten haurrek Interneten garatu dituzten portaerei buruz. Testuinguru horretan, deigarria egiten zaio "kasu gehienetan Internetera konexioa etxean eta bakarka egiten dela, inolako kontrolik gabe gurasoen aldetik", eta, azterlanean ateratako emaitzekin batera, adierazten du "Interneten erabilera segurua eta arduratsua egiteko prebentzio programak ezartzeko beharra".
Zehazki, azterlanean parte hartzen duten 10 ikasleetatik bat inguru ezagutzen ez dituen lagun birtualekin erlazionatzen da sarearen bidez. "Portaera hau bereziki nabarmentzen da mutilengan, neskek baino ehuneko nahiko handiagoan egiten baitute harremana ezezagunekin. Gainera, kasuen % 5,6tan hitzordu fisikoa ere egin dute ezezagunekin".
Atzemandako beste portaera batzuk harreman zuzena dute jazarpen zibernetikoarekin. Ikertzailearen ustez, aurkitu diren datuak asaldagarriak dira, batez ere kontuan hartzen badugu aztertutako adina. Hortaz, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen %12tik gora sarea erabili dute beste ikaskide batzuk iraintzeko, %13tik gora beste batzuen irainen biktima zuzena izan dira eta % 9tik gora posta elektronikoaren bidezko mehatxuak jaso dituzte.
Aldaketa esanguratsuak
Ikusirik ikasleek egiten zuten Interneten erabilera eta haien azturak, IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) izenekoen erabilera segurua eta arduratsua egiteko prebentzio programa garatu zen. Hiru saiotan zehar, partaideek prestakuntza jaso zuten hainbat alderdiri buruz: Interneten erabilera, jazarpen eta jazarpen zibernetiko kontzeptuak, identitate pertsonalaren konfigurazioa IKT izenekoen bidez, etab. Programaren eraginkortasuna aztertzeko xedez, bi talde egin ziren: kontrol taldea eta esperimentala.
Programaren eraginkortasunari dagokionez, Itziar Irazabalek uste du aldaketa esanguratsuak ikusi direla zenbait aldagai garrantzitsutan. Esaterako, maila kontzeptualean, talde esperimentaleko partaideek, besteak beste, ikasi zituzten identitate digitala definitzen, pribatutasuna, eta hain garrantzitsuak diren jazarpen eta jazarpen zibernetiko kontzeptuak. Era berean, sare sozialetan beren pribatutasuna konfiguratzen ikasi zuten, mezu iraingarri bati uko egiten edo hura blokeatzen, etab., eta ikasi zuten nola jardun behar duten egunen batean jazarriak sentitzen badira sarean.
"Azken batean —laburbiltzen du ikertzaileak—, ikasleek erakutsi dute Interneten dauden arriskuez hobeki jabetzen direla, kezka handiagoa dutela jazarpen kasuen aurrean (beraiengana zuzenduak edo beste batzuengana zuzenduak izan), malizia handiagoa pribatutasunarekin lotutako gaietan eta kontzientzia handiagoa ospearen gaiari dagokionez".
Itziar Irazabal Irakasletzan diplomaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Psikologian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Master ofiziala dauka Hezkuntza- eta Psikologia- Esku-hartzean Nafarroako Unibertsitatean. Bere lanbide ibilbidea hezkuntzaren esparruan garatu du, irakasle eta orientatzaile gisa hainbat ikastegitan. Gaur egun orientatzaile lana egiten du Eunate Bigarren Hezkuntzako Institutuan.