Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den astean emango die amaiera udako ikastaroei. Zenbait adituk ondare artistiko eta kulturala kontserbatzeko arazoei buruzko hausnarketa egingo dute. "Ondarea eskuetan" da irailaren 10, 11 eta 12an Kondestablearen Jauregian egingo den ikastaroaren izena. Ikastaro honen helburua da gizartea jabetzea ondasunek duten ondare-balioaz, eta hori ezagutu eta kontserbatzeak dakarren lanaz, eta jendeak bereiz ditzala dauden lan metodoak, egiten diren inbertsioak eta horietaz goza dezala.
Zer esan nahi du XVIII. mendeko etxe katalogatu, armarridun bat erosteak? Eraman daiteke XIII. mendeko taula gaineko margolan bat Frantziara? Zer ondorio izan ditzake metalen detektagailu bat erabiltzeak arkeologia gune batean? Galdera hauek eta gehiago erantzungo dituzte udako ikastaro honetan parte hartuko duten sei irakasleek. Ikastaroaren zuzendariak dira Ana Mendióroz Gizarte-zientzien Didaktika irakaslea eta Fernando Cañada historiagile eta kultura baliabideen kudeaketaria. Doakoa den ikastaro honi buruzko informazio osoa www.unavarra.es webgunean dago.
Kultura ondareari buruzko prestakuntza-ikastaroaren proposamena sortu zen esparru honetan hainbat urtetan lanean aritu eta gero atzeman diren gabeziei erantzun nahi dielako. Egungo krisia eta kultura-ondareari buruzko jarduerak egiteko aurrekonturik eza direla-eta jaramonik ez zaie egin kultura-ondarearen azterketa, aurrezaintza eta kontserbaziora zuzendutako aurrekontu-sailei. Hainbat esparrutan, erabiltzen dituzten objektu artistikoak zaintzen eta begiratzen ez dituzten proiektuak garatzen ari dira, kontuan eduki gabe objektu horiek hondatzeak galera bat dakarrela, kasu askotan ezin konponduzkoa, bai eraikin historikoetan, aztarna arkeologikoetan, agirietan, argazkietan eta ondare inmaterialean ere.
Hitzaldi gehienak Nafarroako Kultura Ondarea kudeatu, identifikatu, kontserbatu, gainbegiratu eta manipulatzeko ardura duten Nafarroako Gobernuaren Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuko teknikariek emango dituzte. Profesional horiek azalduko dute ondarea nola kontrolatzen den (inbentarioak eta katalogoak), nola egiten den lana harekin (baimenak eta zerbitzuak) eta nola hedatu behar den.
Proposamen hau lehen hurbilketa bat da prestakuntza proiektu handinahiago baten barruan. Horrela, oinarri bat sortu nahi da datozen urteotan beste saio espezializatu batzuei aurre egiteko; hala nola, artelanen manipulazioa, didaktika hedapen programetan, ondarearen kontserbazioa eta errestaurazioa, etab.
Nafarroak guztien aitorpena jaso duen ibilbide oparoa egin du kultura ondarearen tratamenduan, lurralde aitzindaria baita, eta espezializatua baitago –XIX. mendean Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea eratu zenetik– monumentuen deskribapen, kontserbazio eta zaharberritze proiektu handietan.