Guztira 118 ikasle atzerritarrek ikasiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-14 ikasturtean. Ikasle horiek nazioarteko mugikortasuneko hainbat programatan parte hartzen ari dira, eta guztira 27 herrialdetakoak dira. Erdia baino gehiagok NUPen ikasiko dute Europar Batasuneko Erasmus programaren bidez, eta, estreinakoz, Txina da atzerriko ikasle kopuru handiena dakarren herrialdea. Unibertsitateak ongietorria emateko jardunaldia eskaini die ikasleei, eta bertan instituzioari buruzko informazio erabilgarria eta ikasturte honetan biziko diren hiriari buruzko informazio erabilgarria eman diete.
Nazioarteratzea da Nafarroako Unibertsitate Publikoak azken urteotan duen erronketako bat, eta ikasleen mugikortasun programak horren adibide dira. Urte honetan beren ikasketak NUPen egingo dituzten 118 ikasle atzerritarretatik, 70 Erasmus programan parte hartzen ari dira, eta gainerakoak beste programa hauetan banatzen dira: Martín de Rada (24), Palafox (17), ISEP USA (3), ISEP Internacional (2) eta aldebiko hitzarmenak (2).
Osotara 28 herrialdetatik etorri dira ikasleak. Urte honetako berrikuntza da estreinakoz, Txina dela atzerriko ikasle kopuru handiena dakarren herrialdea; izan ere, 19 ikasle datoz handik, NUPek azken urteotan erraldoi asiarreko hainbat unibertsitaterekin egin dituen hitzarmenei esker. Ikasle hauek Unibertsitatera iritsi dira Martín de Rada izeneko programa berekiari esker, Taiwango beste bi, Hego Koreako beste bi eta Japoniako beste ikasle bat bezala.
Txinaren atzetik Frantzia (14), Italia (13) eta Alemania (12) dira NUPen ikasturte honetan ikasle gehien dituzten herrialdeak. Ordezkaritza duten gainerako herrialdeak dira Austria, Belgika, Brasil, Hego Korea, Txile, Ekuador, Estatu Batuak, Britainia Handia, Grezia, Irlanda, Japonia, Letonia, Lituania, Mexiko, Peru, Polonia, Portugal, Errepublika Txekiarra, Taiwan, Turkia eta Argentina.
Ongietorria emateko jardunaldia
Ikasleek ongietorria emateko jardunaldian parte hartu dute, eta Kanpo Harremanetarako Ataleko arduradunek azaldu diete Unibertsitatearen funtzionatzeko modua, eta ikasturte honetan biziko diren hiriari buruzko informazio erabilgarria eman diete. Bilera horietan informazioa ematen zaie egoitzari, garraioari, bizitzaren kostuari, osasun txartelari edo gaztelaniazko ikastaroei buruz.
Ikasleek, era berean, argibideak jaso dituzte NUPen zerbitzuei buruz (kirolak, jantokiak, liburutegia, boluntariotza, osasun laguntza, etab.) eta Arrosadiko campusean dauden instalazioak bisitatu dituzte.