Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi udako ikastaro gehiago eskainiko ditu aste honetan, asteazkenetik aurrera. Ikastaro hauetako batean Palestinan legezkotasuna bete dadin dauden aukerak aztertuko dira, eta bestean krisiari buruz arituko dira, gazteen ikuspegitik, eta hainbat ikuspuntu eta erantzun proposatuko dira.

Iruñeko Udalak finantzatzen ditu bi ikastaroak, eta bietan da Nafarroako Gobernua laguntzailea. Bi ikastaroen matrikula doakoa da, baina beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea. Izen ematea ondoko posta helbide honetan egin daiteke: cursosdeverano@unavarra.es. Bestela, telefono hauetara deituta: 948 169394 eta 948 168972. Udako ikastaroei buruzko informazio guztia (programa, ordutegia, hizlariak, eta abar) Unibertsitatearen web-orrialdeamn dago ikusgai (www.unavarra.es).

NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak antolatzen du "Gazteria eta hiritartasuna. Krisiaren irakurketa belaunaldi artekoa" izeneko ikastaroa. Irailaren 4, 5 eta 6an izango da, Remacha aretoan (Sario eraikina) katedrako zuzendari Begoña Pérez Eransus irakaslearen eta Rubén Lasheras Ruiz irakaslearen zuzendaritzapean.

Ikastaroaren arreta-gune berezia da gazteen zaurigarritasun-egoera krisiaren testuinguruan, krisiak gazteak zigortzen baititu bereziki. Hau dela eta, UNESCO katedrak lehentasunezkoa jotzen du zaurigarritasun horri eta esku-hartze publikoaren mugei buruzko eztabaida bat egitea, baita krisi ekonomikotik atera eta gero ere izan behar diren erantzunei buruz ere. Hitz batez, ikastaroak ukitu nahi duena hauxe da: errealitatea hauek gazteriaren hiritartasunari berari egiten dioten mehatxua.

Helburu honekin, ikastaroak nahasten ditu adituen hitzaldiak eta gizarte eragileen (sindikatuen, politikarien, unibertsitatekoen eta gizarte mugimenduen) eztabaida eta solaskidetza. Adituek arloen araberako diagnostiko espezifiko bat egingo dute (lan merkatua, emantzipazioa, hezkuntza, genero eta parte-hartzea). Honela, azterketarako eta eztabaidarako prest dauden hainbat ahots aintzat hartzen dituen eszenatoki bat osatu nahi da.
 

Nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak


Asteazken berean, irailaren 4an, beste ikastaro hau ere hasiko da: "Nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak: Palestinan legezkotasuna bete dadin dauden aukerak". Ikastaro honek irailaren 5era, ostegunera arte iraungo du, eta Iruñeko Kondestable Jauregian izango da. NUPek eta Sodepazek antolatzen dute ikastaroa. Alicia Chicharrok, NUPeko Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Nazioarteko Harremanen irakasleak, zuzenduko du ikastaroa.

Ikastaroaren bidez nabarmendu nahi da nazioarteko arauen aplikazioak eta Giza Eskubideekiko errespetuak ekarriko dutela arabiarren eta israeldarren arteko gatazka delakoaren konponbidea. Israel eta Palestinaren arteko akordio batera iristea eragozten duten alderdi garrantzitsuenetan sakonduko da, eta bidezko bake bat lortzeko legezko aukerak proposatuko dira. Faktore horiek ikuspegi juridiko batetik aztertuko dira, eta nazioarteko arau aplikagarri guztiei erreparatuko zaie.