Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetara egokitzeko ikastaroetan izena emateko bigarren epe bat irekiko du NUPek irailaren 2an. Ikastaroen helburua da unibertsitate tituluetako sistema zaharreko Irakasletza diplomadunek egoki dezaten beren ibilbide akademikoa Europako Unibertsitate Eremuarekin (EUE), eta master eta doktoretza ikasketetarako sarbidea erraztea. Bigarren deialdi hau irailaren 9ra arte egongo da irekita.
Egokitzapen ikastaro hauen alde presentziala Unibertsitate Gizarte Fundazioaren lankidetzarekin eskainiko da, eta 30 ECTS kreditu gainditu beharko dira. Ondoren, 30 ECTS presentzialak gainditu eta gero, diplomadunek Gradu Amaierako Laneko 12 ECTSak matrikulatu beharko dituzte, eta aldez aurretiko ikasketen aitormena eskatu beharko dute. Ikastaroak 2013ko irailean hasi eta 2014ko martxoan amaituko dira. Eskolak arratsaldez emango dira, larunbatetan izan ezik, eta egunero hiru edo lau ordu, astean lau egunetan.
Era presentzialean egin beharreko 30 ECTS kredituen prezioak hauek dira: 1.050 euro unibertsitateko komunitateko kideentzat eta Alumni programan izena eman duten ikasle ohientzat, eta 1.167 euro, unibertsitatetik kanpoko ikasleentzat. Ikastaro hauei buruzko informazioa nahi izanez gero, deitu Unibertsitate-Gizarte Fundaziora 948 16 9770 eta 948 16 9813 telefono zenbakien bidez edo idatzi universidad.sociedad@unavarra.es helbide elektronikora.
Antolaketa berria
Ikastaro hauek unibertsitateko ikasketen egituraren antolaketa berriaren ondoren sortu dira (1393/2007 E.D.), EUEra egokitua baitago, eta EUEn lehen maila gradua da. Graduak lehengo lizentziaturak eta diplomaturak, orain iraungitze bidean daudenak, ordezkatu ditu. Azpimarratu behar da lehengo diplomaturak baliodunak direla eta indarra dutela, eta lan eskudantzia berak dituztela tituludunen bizitza profesionalaren amaiera arte, eta, beraz, lehengo diplomadun batek ez dauka graduko titulu berri bat lortu beharrik bere irakasle lanbidean aritzeko.
Hala ere, bidezkoa da unibertsitateek prestakuntza osagarri hau ematea, lehengo diplomadunek txerta ahal ditzaten euren ibilbide akademikoak Goi Mailako Hezkuntzaren eskema berrian, master eta doktoretza ikasketetan sartu ahal izateko.
Badaude beste arrazoi batzuk, unibertsitateak gradura egokitzeko ikastaro hauek ematera bultzatu dituztenak. Alde batetik, gradu berriek diplomaturak baino ikasmaila bat gehiago dutenez, graduak maila handiagoa eta desiragarriagoa balitz bezala ikusten da. Horrez gain, gradu tituluak administrazioko goi mailetara sartzea errazten ahal du (funtzionarioen mailei dagokienean).
Aipatu da, halaber, gradu tituluak ikasketen jarraitasun bat irekitzen duela master eta doktoretzako unibertsitateko egituraren mailetan. Izan ere, diplomatura batekin edo ingeniaritza tekniko batekin master batean sartzeko aukera badago ere, EUEko plan berrietako master tituludun batek 300 ECTS kreditu egin behar ditu osotara.