Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Joaquín Fernández ikertzailea, Esther Vicente irakaslea eta Enrique Santamaría ikertzailea, ikastaroaren aurkezpenean.

Ezkerretik eskuinera, Joaquín Fernández ikertzailea, Esther Vicente irakaslea eta Enrique Santamaría ikertzailea, ikastaroaren aurkezpenean.

Laurogeitik gora pertsonak parte hartuko dute gaur, astelehena, abian jarriko den “Genomikaren eta Proteomikaren aroa” ikastaroan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Navarrabiomed – Fundación Servet-ek antolatu dute ikastaroa, eta Osasun Zientzien Fakultatean egingo da abuztuaren 30era arte. Iruñeko Udalaren finantzaketarekin eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egingo da ikastaroa.

Ikastaroaren zuzendariak honako hauek dira: Esther Vicente doktorea (koordinatzailea), Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea Osasun Zientzien Fakultatean eta Navarrabiomed-eko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ikertzailea; eta Enrique Santamaría eta Joaquín Fernández, Navarrabiomed-eko Proteomika Unitateko arduradun zientifiko eta teknologikoak hurrenez hurren. Giza Proteoma Proiektuaren Nazioarteko Partzuergoan sartu da berriki Navarrabiomed.

Ikastaroaren helburua da ikasleek oinarrizko ezagutzak hartzea teknologia omikoei eta teknologia horrek hainbat esparrutan dituen aplikazioei buruz. Zehazki, mundu mailan oso garrantzitsuak diren bi proiekturen edukia aztertuko da: Giza Genoma Proiektua eta Giza Proteoma Proiektua, orain garatzen ari dena. Beren helburuak, lan metodologiak, nazioarteko antolaketa eta etorkizunean hainbat esparrutan izango dituzten ondorioak aztertuko dira.

Honako hau da ikastaroaren atariko programa: lehen saio bat sarrera gisa, bigarren saio bat Genomikan oinarritua, hirugarren saioa Proteomikan oinarritua, laugarren saioa Metabolomikan eta bosgarrena eta azkena Bioinformatikan. Saio guztietan aplikazio-adibide praktikoak erabiliko dituzte eta parte-hartzaileen profiletara egokituko dira (elikadura, laboreak, osasuna, farmazia, etab. )


Mugarri zientifiko handia


2001. urtean, esparru zientifikoan inoiz ez bezala, Giza Genoma Proiektua delakoaren emaitzak ezagutarazi ziren: gizakiaren DNAren sekuentziazioa. Zalantzarik gabe, proiektu honen emaitzak Zientziaren Historiako mugarri handienetako bat izan dira. Gure DNAren sekuentziazioaren ezagutzari esker ezin konta ahala tresna eta teknologia garatu dira, eta horien bidez eritasun askori aurrea hartu, eta sendatzeko ikerketa aurrerapenak egin dira. Baina beste esparru batzuetan ere aurrerapenak egin dira aplikazio horien bidez. Esaterako, nekazaritzako elikagaien industria eta bioenergetika. Beraz, proiektu honen emaitzek, mundu zientifiko eta biomedikoan eragin zuzena izateaz gain, iraultza ekarri dute arlo sozial eta ekonomikora.

Bestalde, 2010. urtearen amaieran hasiera eman zitzaion Giza Proteoma proiektuari, Giza Genoma Proiektuaren jarraipen naturala. Proiektu honen helburu nagusiak hauek dira: giza proteinen mapa bat eskaintzea bere testuinguru biologikoan; zientzia-komunitateari tresnak ematea, zientzialariei beren esperimentuak modu arrazionalagoan diseinatzen laguntzeko; eta zientzia-komunitatea eta interesa duten beste zientzia-eragile batzuk inspiratzea gaixotasunak sendatzeko eta giza osasuna hobetzeko erabilgarriak diren diagnostiko, prebentzio eta tratamendu metodoak garatzeko.