Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alfredo Pina eta Gabriel Rubio ikastaroko zuzendariak, Stefano Monfalcon irakasle gonbidatua, Fernando Jauregui (Planetarioa), Maddalena Angeli irakasle gonbidatua eta Javier Arlegui irakaslea.

Ezkerretik eskuinera, Alfredo Pina eta Gabriel Rubio ikastaroko zuzendariak, Stefano Monfalcon irakasle gonbidatua, Fernando Jauregui (Planetarioa), Maddalena Angeli irakasle gonbidatua eta Javier Arlegui irakaslea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Hezkuntza Robotika eta BYOB/SNAP Programazioaren Nazioarteko Campusa egingo du hurrengo bi asteetan, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barnean. NUPek eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak antolatzen duten campus honetan irakasleentzako lantegi-mintegi trinko bat egingo da, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zortzi irakasleren parte-hartzearekin, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzako eguneko eskola-kanpamendu bat. 34 ikaslek izena eman dute kanpamenduan. Iruñeko Udalaren finantzaketarekin eta Iruñeko Planetarioaren laguntzarekin egingo da ekimena.

Alfredo Pina Calafik, NUPeko Ingeniaritza Matematika eta Informatika Saileko irakasleak, eta Gabriel María Rubio Navarrok, NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Saileko irakasleak eta Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko buruak zuzentzen dute Hezkuntza Robotika eta BYOB/SNAP Programazioaren Nazioarteko Campusa, eta Sario eraikinean egingo da abuztuaren 30era arte.

Alfredo Pina eta Javier Arlegui de Pablos NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea dira ikastaroko irakasleak, Italiako irakasle gonbidatu hauekin batera: Stefano Monfalcon, Roveretoko Museo Cívicoko (Trentoko probintzia) LEGO Centerreko Robotika Atalaren arduraduna; eta Maddalena Angeli, Hezkuntza Robotikan eta BYOB/SNAP Programazioan aditua eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

zoom Stefano Monfalcone, LEGO EV3 robotaren BETA bertsioa  erakusten.

Stefano Monfalcone, LEGO EV3 robotaren BETA bertsioa erakusten.

Jarduera honen antolamendua Europako Batzordearen Rocard Txostenean (Science education now: A renewed pedagogy for the future of Europe) oinarritzen da. Txostenak agerian uzten du gazteek zientziaren alde daukaten interesa izugarri jaitsi dela, eta proposatzen du, joera honi buelta emateko, ohiko prestakuntza zientifikoa baino ekintza eraginkorragoak martxan jartzea. Txostenak ematen duen aholkua da "irakaskuntza deduktibo batetik ikerketaren bidezko irakaskuntzara pasatzea (inquiry-based methods)", ulermena hobetzeko eta jarduera zientifikoaren eta teknologikoaren aldeko interesa suspertzeko.

Udako ikastaro honen antolatzaileek uste dute jarduera robotikoak eskolan (robotak erakustea eta robotez erakustea) aise antolatu daitezkeela ikerketa-jarduerak bezala, irakaskuntzaren metodologia sozio-konstruktibista baten esparruan.

Robot fisiko eta birtualak

Robotika Campusaren helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (LEGO) eta robot birtualak (BYOB/SNAP) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.

Ikastaroa abuztuaren 30ean, ostiralean, bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi irekiarekin, familiakoek edo hezkuntza-robotika interesatzen zaion edozein pertsonak ikusi ahal izateko. Erakustaldia Iruñeko Planetarioan egingo da.