Joan eduki nagusira

zoom NUPeko ikasle bat, garapenerako lankidetza egonaldi batean Perun.

NUPeko ikasle bat, garapenerako lankidetza egonaldi batean Perun.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Garapenerako Lankidetzaren Estrategia onetsi du bere Gobernu Kontseiluaren bidez. Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Errektoreordetzak prestatu du dokumentua eta bere helburua da Unibertsitateak arlo honetan azken hamar urte hauetan egindako lanarekin jarraitzea eta hobetzea. Dokumentuak jarduteko ardatzak eta helburuak definitu, dauzkan baliabideak aztertu eta, esperientzian eta aukeran oinarrituz, Iruñeko eta Tuterako campusetatik garatzen diren unibertsitateko lankidetza jarduerak lehentasunez munduko zein eskualdetan eta arlotan egingo diren zehazten du.

Halaber, estrategia honen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak garapenerako lankidetzaren arloan Espainiako Unibertsitateen Jokabide Kodeari atxikitzeagatik eratorritako konpromisoei erantzun nahi die, bai eta Unibertsitatearen 2011-2014 aldiko III. Plan Estrategikoaren garapenetik eratorritako konpromisoei ere. Izan ere, aipatu planak Nazioartekotze Ardatzaren barnean duen helburuetako bat lankidetza jarduerak sustatzea da, eta, hain zuzen, herrialdeak eta lan arloak lehenetsi behar direla ezartzen du.

Dokumentuaren arabera, jarduteko arlo eta lerro hauek izango dute lehentasuna: Osasun arloan, komunitateko osasuna, ama-haurren osasuna, eta sexu eta ugalketa osasuna; Zientzia Juridikoen, Giza eta Gizarte Zientzien eta Ekonomiaren arloan, lehentasunan izango dute kultura aniztasunarekin eta ekonomia solidarioarekin eta bidezko merkataritzarekin lotutako lankidetza jarduerek; eta Garapenerako Teknologien arloan, lehentasuna izango dute energia berriztarrien erabilerak, nekazaritza produktuen ekoizpenak, eraldaketak eta merkaturatzeak, elikadura burujabetzak eta segurtasunak, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek.

Eskualde lehenetsiak eta koordinazioa

Jardueren eskualde banaketari dagokionez, herrialde hauek izango dute lehentasuna: Bolivia, Ekuador eta Peru, Hego Amerikan; Salvador eta Kuba, Erdialdeko Amerikan eta Kariben; Etiopía, Kenia, Mozambike, Uganda eta Tanzania, Afrikan; eta Palestinar Lurraldeak, Ekialde Hurbilean. Alde honetatik, estrategiaren arabera, eskualde lehenetsiak zein izango diren zehazterakoan garrantzitsua da kontuan hartzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) lehentasunak eta estatuko plan gidatzailea eta Nafarroako Gobernuaren plan gidatzailea, koordinazio horretan baitago finantzaketaren arrakasta.

Dokumentuan ezarritakoaren arabera, erakunde hauek finantzatuko dituzte unibertsitateko garapenerako lankidetza jarduerak: Europar Batasuna (Erasmus Mundos, Alfa programak, etab.), Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako MInisterioak (graduondo eta doktoretza bekak), AECID (deialdi irekia eta unibertsitatearteko lankidetza programa), Nafarroako Gobernua (Prestakuntza Solidarioa programaren laguntza teknikorako eta finantzaketarako deialdia), eta unibertsitatearen beraren finantzaketa.

Hamar urteko esperientzia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak azken hamar urteotan garapenerako lankidetzarekin lotutako hainbat esperientzia izan ditu. Esperientzia horiek hiru ardatzen bidez antolatu dira: prestakuntza, laguntza teknikoa eta sentsibilizazioa. Prestakuntza Solidarioa Programa izan da jarduera arrakastatsuenetako bat, eta eredu gisa erabili da askotan. Programa horri esker ikasle ugarik egin dute beren prestakuntzaren zati bat "lekuan bertan" hainbat herrialdetan, eta Hegoaldeko unibertsitatetako irakasleei ateak ireki dizkie Arrosadiko campusean egonaldiak egiteko. Halaber, aukera eman die NUPeko ikasleei beste errealitate eta arazo hauekin harremanetan jartzeko. Honen ondorioz, kasu batzuetan ikerketa eta laguntza teknikoko proiektuak egin dira.

Honako hauek dira, egun, NUPen, prestakuntza arautuaren barnean, dauden tresnak garapenerako lankidetza jarduerak egiteko: "lekuan bertan" egindako karrera edo gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak eta practicumak, hautaketa libreko irakasgaiak (iraungitze bidean diren plan zaharretan), aukerako irakasgaiak (graduetan) eta baztertutako herrialdeetako ikasleen harrera Erasmus Mundus bezalako programen bidez. Prestakuntza ez arautuaren barnean, ikastaroak eta jardunaldiak antolatzen dira eta irakasleen eta ikertzaileen harrera jarduerak egiten dira Prestakuntza Solidarioa programaren bidez.

Ikerketaren eremuan, proiektuak gauzatzen dira Hegoaldeko unibertsitateekin lankidetzan, sareetan parte-hartzen da eta prestakuntza eta laguntza teknikoko proiektuak egiten dira. Azkenik, sentsibilizazioaren esparruan, garapenerako komunikazio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak egiten dira.