Joan eduki nagusira

zoom Juan Carlos Iriarte (ezkerrean), Jorge Teniente, Iñigo Ederra eta Itziar Maestrojuan, proiektuan lanean diharduen Antenen ikerketa taldeko kideak

Juan Carlos Iriarte (ezkerrean), Jorge Teniente, Iñigo Ederra eta Itziar Maestrojuan, proiektuan lanean diharduen Antenen ikerketa taldeko kideak

Hurrengo hiru urte eta erdian, Europako sei herrialdetako hamabi kidek osatzen duten partzuergo batek —unibertsitateak, ikerketa zentroak, enpresak eta segurtasun eta etikako espezialistak— TeraSCREEN proiektuan lan egingo dute. Proiektu horren bidez teknologia garatuko da, mugako kontroletan segurtasuna, pribatutasuna eta eraginkortasuna areagotzeko. SME Alfa Imaging enpresa espainiarra da proiektuaren buru. Proiektuak 4,8 milioi euroko aurrekontua dauka eta Segurtasunaren esparruko VII. Europako Esparru Programaren barnean dago.

TeraSCREEN-en helburua da segurtasun kontroletarako detekzio eta sailkapen automatikoko sistemak egitea, bai materialenak, bai objektu mehatxagarriak ezkutatuta daramatzaten pertsonenak. Horretarako, maiztasun milimetrikoen eta terahertzen mailako teknologia garatuko du, halako eran non azterketa arin eta zorrotzago bat egiteko modua emango baitu, baina pertsonen erosotasuna galarazi gabe.

Ikertzaile hauek dira NUPeko Antenen taldeko kideak: Ramón Gonzalo, Iñigo Ederra, Jorge Teniente, Juan Carlos Iriarte eta Itziar Maestrojuan. Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko seinalearen teoria eta komunikazioetako katedradunak azaldu duenez, “irudi moduaniztun eta maiztasunaniztunen multzo bat izango da emaitza, eta irudiak denbora errealean prozesatu eta pertsonak batek ezkutatuta daramatzan eta kaltegarriak izan daitezkeen objektuak erakutsiko dituzte”. Kontrolen pribatutasuna hobetzea ere bada proiektuaren xedea, halako eran non irudiek konputerizatutako soslai orokor bat erakutsiko baitute pertsonaren ezaugarri anatomikoen ordez.

Egun bi teknologia mota erabiltzen dira segurtasun kontroletan: pertsonek ezkutatuta daramatzaten objektuak automatikoki detektatzen dituztenak, eta objektuak eta egon daitezkeen mehatxuak sailkatzen edo identifikatzen dituen operadore batek egindako analisian eta interpretazioan oinarritzen direnak. TeraSCREEN proiektuak bi teknologiak konbinatzen ditu. "Mehatxuak automatikoki detektatu eta pribatutasunari buruzko kontuak konponduko direnez, kontrolguneko operadoreek arreta txikiagoa jarri beharko dute, eta, hortaz, jarduera mota honetarako beharrezkoa den langile kopurua jaitsiko da", esan du ikertzaileak.

Sei herrialdetako hamabi bazkide

TeraSCREEN sistemaren prototipoa benetako segurtasun kontrol batean probatuko da. Azken erabiltzailearen eta aholkularien ebaluazioaren bidez prototipoa produktu berritzaile bihurtuko da, eta nabarmen hobetuko ditu mugako kontroletako segurtasuna, pribatutasuna, eraginkortasuna eta esperientzia.

Proiektuan parte hartzen duten hamabi bazkideak buru dira uhin milimetrikoetan eta terahertzetan aireko segurtasunean eta auzi etikoetan oinarritutako teknologiaren erabileran eta garapenean. Alfa Imaging proiektua koordinatzen duen enpresa espainiarraz gain, partzuergoko kideak dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (España), Anteral S.L. (Iruñea-Espainia), Science and Technology Facilities Council (Erresuma Batua), Teratech Components Ltd. (Erresuma Batua), Acreo AB (Suedia), OMMIC SAS (Frantzia), Università degli Studi di Roma "Tor Vergata" (Italia), Goethe-Universität Frankfurt am Main (Alemania), Fraunhofer-Gesellschaft zur Förderung der angewandten Forschung e.V. (Alemania), ICTS UK Ltd (Erresuma Batua) yteaAlbert-Ludwigs-Universität Freiburg (Alemania).