Joan eduki nagusira

zoom Raquel Sastre irakaslea Arrosadiko campusean

Raquel Sastre irakaslea Arrosadiko campusean

Raquel Sastre unibertsitate-ikertzailea graduondoko bat egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta aldi berean Keniako eskualde-garapena eta elikagaien ekoizpena sustatzen dituen proiektu baten burua da. Proiektuaren helburua hainbat berrikuntza sartzea da, esaterako lana antolatzeko sistema, baita ereiteko eta uzta biltzeko modua ere, ekoizpena eta lurren errendimendua hobetzeko.

Proiektuaren izena “Green Agro Project” da, eta martxan jarri da fase pilotu batekin, Keniako lurretako 300 eta 1000 hektarearen artean biltzen dituena. Hasierako aurreikuspenek huts egiten ez badute, lehen uzta 2015ean bil liteke. Lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Buenos Aireseko Unibertsitatea eta Strathmoreko Unibertsitatea ari dira elkarrekin. Sastre irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Elikagaien Teknologiako Sailean ari da egiten graduondoko egonaldi bat.

Proiektuak dakarren berrikuntza da Argentinako nekazaritza-negozio ereduan oinarritzen dela. Raquel Sastrek azaltzen duenez, enpresa-antolamendu eredua, munduko beste hainbat tokitakoarekin konparatuta, ezberdina da. "Esaterako, Espainian, nekazaritza-jabetza bat daukazunean, lurra daukazu, traktorea eta uzta biltzeko makina erosten dituzu, ereiten duzu, uzta bildu eta gero saltzen duzu. Argentinan, aldiz, lurra daukanak alokatu egiten du; makina daukana lurra lantzeaz arduratzen da bakarrik; uzta biltzeko makinaren jabeak uzta bildu, besterik ez du egiten, eta abar."

Sistema honekin lortzen da ekoizpenean hurrenkera bat egotea; denek laguntzen diote elkarri, baina ez dituzte kooperatibak sortzen; bakoitzak bere negozioa dauka, baina, aldi berean, sare bat sortzen da. "Honi esker, eragile bakoitzak eremu askoz zabalagoak lantzen ahal ditu -azaltzen du Sastre irakasleak-, zeren, adibidez, makina daukanak ez baititu bere hektareak lantzen, bakarrik, Espainian gertatuko zen bezala, baizik eta eskualde oso bat lantzen baitu, eta horrela gehiago irabazten da eta makina hobeki aprobetxatzen da".

Berrikuntzak

zoom Irudian, makina batek alea sartzen du silo-zorroan

Irudian, makina batek alea sartzen du silo-zorroan

Lana antolatzeko modua berritzeaz gain, proiektuak beste jarduera berritzaile batzuk baditu. Alde batetik, ereite zuzena edo zero lurgintza ezartzen du, "hau lurra zaintzen duen sistema bat da: uztondoaren gainean ereiten da, lurra irauli gabe edo eguzkitan jarri gabe. Hau Kenian oso garrantzizkoa da, han lurra zaindu behar dutelako, gehienetan ez dutelako ongarritzen, euri-erregimen eskasa duelako eta ez daukalako hezetasunik". Beste alde batetik, sartu nahi da silo-zorroa deitzen dena, hau da, plastikozko pilo handiak, hermetikoak, alea landa-lurrean bertan gordetzeko; "honela, uzta ez duzu silo batera eraman behar, eta ez duzu biltegiratzea ordaindu behar. Kostua baxua da, 3-4 bat dolar tonako, gutxi gorabehera, eta alea gorde dezakezu saldu nahi duzun unera arte".

Halaber, elikagaiak ekoizteko ikuspuntutik, soja laboreetan sartzearen alde egingo da. Gaur den egunean halakorik ez da lantzen Afrikako herri hartan, eta ikertzaileek uste dute "oso labore egokia dela txandaka ereiteko eta beste zenbait laborerekin osatzeko, urtean bi uzta lortzeko". Proiektuan ari direnek nahi dute lan-modu hau Kenian irakatsi, han ezartzeko antolamendu-sistema hau. Ikerketaren ikuspuntutik, esperientziaren datu guztiak erregistratuko dira, eta ikuspuntu akademikotik, zailtasunak erakutsiko dira, sistemaren alde egiten dituzten faktoreak, sor litezkeen oztopak eta abar.

Proiektuaren fase pilotuari ekiteko, 200 hektarea alokatuko dira Narumoro eskualdean, eta beste 250 Kitalin, Keniako nekazaritza eskualdean. Lehenago, ikertzaileek bilerak egin dituzte Keniako gobernuarekin, gobernu-erakundeekin eta bankuekin. Banku batzuk, esaterako, prest daude ekimenari laguntzeko, eta maileguak emateko makineria leasing delakoaren bidez (alokairua erosteko eskubidearekin). "2012ko urtarriletik martxora, proiektuan lan egiten ari garen eta Strathmoreko Unibertsitatean eskolak ematen ari garen Buenos Aireseko Unibertsitateko irakasleetatik hiruk, lehen harremanak eraman genituen aurrera -azaltzen du ikertzaile nagusiak-. Orain lurrak alokatzeko aldian gaude, eta dena ongi badoa, 2014an izango da lehen ereitea. Ikuspuntu akademikotik, proiektua 2015. urtean bukatuko litzateke, lehen uztarekin".

Raquel Sastre Filosofian doktorea da Nafarroako Unibertsitatean eta Administrazioan doktorea Argentinako Unibertsitate Katolikoan. Eskolak ematen ditu Buenos Aireseko Unibertsitatean. Horretaz aparte, bere prestakuntza akademikoan ondoko titulu hauek dauzka: Nafarroako Unibertsitateko Erakundeen Gobernua eta Kulturaren Masterra, Buenos Aireseko Unibertsitateko Administrazio Magisterra eta Nekazaritza-Negozioetako Magisterra, Kontu-hartzaile Publikoa eta Administrazioan lizentziaduna.

Hainbat lan aurkeztu eta argitaratu ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Arlo profesionalean, esperientzia handia dauka enpresaburu moduan eta erakundeetako zuzendaritzan. Bere ibilbidearen parte handi bat Brasilen gertatu da, non zuzendu baitzuen uren tratamenduan espezializatutako industria kimiko bat, eta Argentinan, non nekazaritzako eta industriako erakunde bat sortu baitzuen.