2012-2013 ikasturtean beren Ikasketen Amaierako Proiektua edo Master Amaierako Lana NUPeko Energia Berriztagarrien Katedran egin duten 23 ikasleek diplomak hartu dituzte Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan egindako ekitaldi batean. Katedrak 27 Ikasketen Amaierako Proiektu eta Master Amaierako Lan abian jarriko ditu hurrengo ikasturtean, eta erakunde hauen arteko lankidetza egonkorrerako eremu bat da: NUP, sektorean puntakoak diren lau enpresa (Acciona Energía, Acciona WindPower, Gamesa eta Ingeteam) eta CENER energia berriztagarrien nazio mailako ikerketa zentroa.
Energia Berriztagarrien Katedraren helburu nagusia da bazkide parte-hartzaileen artean jakintza trukatu eta bestetaratzeko zientzia, irakaskuntza eta ikerketa jarduerak batera egitea. Diplomak banatzeko ekitaldia joan den astelehenean egin zen, eta berrogeita hamar pertsonak parte hartu zuten –ikasle, senitarteko eta enpresa laguntzaileen ordezkariak–. Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) zuzendariak ikasleak zoriondu zituen ongietorri hitzaldian, ongi amaitu zituztelako beren proiektuak, eta gero Pablo Sanchis Katedraren zuzendariak hartu zuen hitza.
Bere hitzaldian, NUPeko 17 tutoreak, enpresetako 21 tutoreak eta ikasleen senitartekoak zoriondu zituen Sanchisek. Katedrak orain dela lau urte sortu zenetik egindako ibilbidea deskribatu zuen, eta nabarmendu zituen Katedraren lorpenak, ikasleen artean duen onarpena eta lortu duen ospea, kalitatearen berme gisa, Unibertsitateko enpresen eta irakasleen artean. Halaber, gogora ekarri zuenez, "egoera ekonomikoa zaila bada ere, energia berriztagarriak hazkunde esponentziala izaten ari dira nazioartean eta energia erabilgarria izango duen mundu bat sortzeko egiazko aukera bakartzat hartzen dira".
Jarraian, TIIGMETeko zuzendariak, Katedraren zuzendariarekin eta David Astrain zuzendari teknikoarekin batera, diplomak eman zizkien ikasleei. Gero Katedran parte hartzen duten enpresetako ordezkariek hartu zuten hitza, eta nabarmendu zuten enpresek pozez hartu zutela ekimen hau eta ikasleak animatu zituzten beren prestakuntzarekin jarrai dezaten energia berriztagarrien arloan, etorkizunari begira hainbeste aukera dituen diziplina bat.
Ekitaldia amaitzeko, talde-argazki bat atera zuten Unibertsitateko ikasleek eta ordezkariek eta enpresa laguntzaileetako ordezkariek.
Lau urtez jardunean
Pablo Sanchis ingeniaritza elektrikoko irakasle titularrak zuzendua, 2009ko abuztuan sortu zen Katedra (garai hartan Energia Berriztagarrien Gela), eta bere lehen proiektu deialdia 2010eko ekainean egin zuen. Proiektuak Katedraren instalazioetan –Sario eraikinean dauka egoitza–, unibertsitateko sailetan eta enpresetan egiten dira.
Katedrak bere jarduna hasi eta lehenengo urtean Unibertsitateko 15 irakasle eta enpresetako 16 profesional aritu ziren proiektuen tutore lanetan; ikasleen % 75etik gora kontratatu zituzten gero enpresa parte-hartzaileek eta proiektu batzuetan patente-eskaerak egin ziren, Pablo Sanchisek esan duenez, "gaur egun krisiak eragina izan badu ere, Ikasketen Amaierako Proiektua edo Master Amaierako Lana Katedran egin duen ikasle multzo handi bat kontratatzen dute ikasturtea amaitzean".
Energia Berriztagarrien Katedrak ikastaroak, mintegiak eta irakasle, aditu eta profesionalen prestakuntza eta truke jardunaldiak ere antolatzen ditu.