Joan eduki nagusira

Giza genoma, krisiaren eragina gazteengan, bizkarreko lesioak edo hezkuntza-robotika dira Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin sustatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dituen hamahiru udako ikastaroetarako hautatutako gaietako batzuk, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XIII. edizioan.

Udako ikastaroen xedea da unibertsitateko bizitza nafar gizartearengana hurbiltzea hiritar guztiei zuzendutako jarduera kultural eta zientifikoen bidez. Ikastaroak ekainaren 18an hasi dira, eta irailaren 18an bukatuko dira. Inskripzioa eta matrikula zabalik daude, eta NUPen (www.unavarra.es) webgunearen bidez jada egiteko aukera dago. Bertan ikastaro bakoitzaren egitarau osoak ere ikusgai daude. Uda honetan eskainiko diren ikastaroak honako hauek dira:

- Dantza neoklasikoko ikastaroa Lode Devos-ekin (ekainaren 18 eta 21ean): ESZENA 2013 dantza jaialdiaren karira, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Dantza Eskolak Chemnitzeko Operako Lode Devos zuzendari eta koreografoak emango duen dantza ikastaro bat antolatu dute. Saioek bi zati izango dituzte, lehenbizikoa balletaren teknikari buruzkoa eta, bigarrena, koreografia lantegia izango da.

- 7th International Summer School on Aggregation Operators-AGOP 2013 (uztailaren 16tik 19ra): Ikastaroaren helburua da ingeniaritzetako eta oinarrizko zientzietako ikasleak agregazio funtzioen teoriaren esparruko kontzeptu, aplikazio eta azken garapenetan trebatzea. Funtzio horiek funtsezko tresna bat dira egun, informazio-iturri homogeneo edo heterogeneoetako datuen fusioa beharrezkoa duen edozein zientzia edo teknologia prozesutarako (sentsoreak, kamerak, etab.).

- Eszenako sormen dramatikoko lantegia (uztailaren 25etik 28ra): Alfredo Sanzol, antzerki zuzendaria, Eszena Zuzendaritzan lizentziaduna Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolan eta 8 Max saritarako izendatua, arduratuko da Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdian sartzen den ikastaro hau zuzentzeaz. Lantegi honek aktore-narratzailearen teknikarako sarrera eman nahi die ikasleei. Egitura dramatikoak sortzeko teknika bat da, inprobisazioetatik abiatuta, istorioak modu organikoan sortzeko asmoz, eta klitxeak saihesteko xedez.

- Arreta goiztiarra 0tik 6 urtera bitarteko haurrentzat (uztailaren 22 eta 23an): Ikastaro honen helburua da osasun, hezkuntza eta gizarte arloko ikasketa eta gogoeta erraztea, gaur egungo lan jardunak eta teknikak kontuan hartuz, garapenean nahasmendu bat, edo edukitzeko arriskua daukaten haurren garapena ahalik eta gehien errazteko. Unibertsitateko ikasleei eta irakasleei eta hezkuntzaren eremuko profesionalei zuzendua dago.

- Hezkuntza robotikari eta BYOB/SNAP programazioari buruzko nazioarteko campusa: Jarduera robotikoak eskolan (robotak erakustea eta robotez erakustea) aise antolatu daitezke ikerketa-jarduerak bezala, irakaskuntzaren metodologia sozio-konstruktibista baten esparruan. Ekintza eraginkorren" adibide ezin hobea da, zientzia/teknologia/gizartea hirukotearen irakaskuntza berritzeko. Udako ikastaro honek jarraipena eman nahi dio esparru honetako esperientzia pilotu bati, eta lehen hezkuntzako (3. zikloko) irakasleei eta ikasleei zuzendua dago. Irakasleen mintegia abuztuaren 19tik 30era egingo da, eta eskola campusa, aldiz, abuztuaren 26tik 30era bitartean.

- Genomika eta proteomikaren aroa (abuztuaren 26tik 30era): 2001. urtean, esparru zientifikoan inoiz ez bezala, Giza Genoma Proiektua delakoaren emaitzak ezagutarazi ziren: gizakiaren DNAren sekuentziazioa. Zalantzarik gabe, proiektu honen emaitzak Zientziaren Historiako mugarri handienetako bat izan dira. Parte-hartzaileek teknologia omikoei eta aplikatzen diren esparruetan dituzten aplikazioei buruzko oinarrizko ezagutzak eskuratzea da ikastaro honen helburua.

- Zamak erabiltzean bizkarreko eta pelbis-zoruko lesioei aurrea hartzea (abuztuaren 26tik 30era): Ikastaroaren helburua da ikasleak gaitzea bizkarreko eta pelbis-zoruko lesioak eragiten dituzten egoerak zein diren jakin dezaten, eta patologia arriskua txikiagotzeko estrategiak irakastea. Bizkarraren osasunaz eta pelbis-zoruaren osotasunaz arduratzen diren emakumeei zuzendua dago.

- Ekonomia eta kultura. Kultura eta finantzabidea (abuztuaren 28tik 30era): Kulturak, kultura finantzatzeak Europako ikerketa-eremuaren barruan, eta kudeaketa molde berriak sortu beharrak finantzaketa-eredu berriak sortzea dakar, sormena eta berrikuntza garatzeko baldintzak egon daitezen. Henri Lenaerts Fundazioarekin lankidetzan antolatu den ikastaro honen helburua da diziplinen arteko eztabaida eta gogoeta bultzatzea, kulturak gaur egungo bilakaera ekonomikoan daukan eginkizunaz gogoeta egiteko, eta ezagutza sortzeko daukan eragin handiaz.

- Gazteak eta hiritartasuna. Krisiari buruzko belaunaldien arteko irakurketa baterantz (irailaren 4tik 6ra): NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du ikastaroa, eta bi zatitan egingo da. Lehenbizikoan gazteen problematikaren diagnosi bat egingo da, beren egoerarako hurbilpen baten bidez parte-hartze sozialean hainbat eremutan: lan merkatua, hezkuntza, etxebizitza, familia eta parte-hartze politikoa. Bigarren partean proposamenak egingo dira hainbat gizarte eragileren (sindikalak, politikariak, unibertsitarioak eta gizarte eragileak) solasaren bidez.

- Nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak: Palestinan legeria betetzeko aukerak (irailaren 4 eta 5ean): Ikastaroaren bidez nabarmendu nahi da nazioarteko arauen aplikazioak eta Giza Eskubideekiko errespetuak ekarriko dutela arabiarren eta israeldarren arteko gatazka delakoaren konponbidea. Israel eta Palestinaren arteko akordio batera iristea eragozten duten alderdi garrantzitsuenetan sakonduko da, eta bidezko bake bat lortzeko legezko aukerak proposatuko dira.

- Ondarea eskuetan (irailaren 10etik 12ra): Zer esan nahi du XVII. mendeko etxe katalogatu, armarridun bat erosteak? Eraman dezaket XIII. mendeko taula gaineko margolan bat Frantziara? Zer ondorio izan ditzake metalen detektagailu bat erabiltzeak arkeologia gune batean? Arazo nagusia jendearen ezagutzarik eza da, bai eta arduradunen eta kudeatzaileen ezagutzarik eza ere.

- Katedralen magia (irailaren 9tik 12ra): Nafar Ateneoak antolatutako udako ikastaroan Iruñeko katedral multzoaren sekretu guztiak ikusiko ditugu, bai eta hurbileko hiru katedral garrantzitsu hauenak ere: Tarazonakoa, Gasteizkoa eta Zaragozakoa. Eta hobekien ezagutzen dituztenen eskutik egingo dugu, alegia, katedral horiek zaharberritzeko, kontserbatzeko eta balioztatzeko ardura duten arkitektoen eskutik.

- Antzinako musikaren interpretazioa: biolina eta biolontxeloa: Eskola magistral hauek, jendearentzat saio irekia eta hitzaldia Antzinako musikaren Lizarrako Astearen parte dira, musika mota horren inguruan egiten diren jarduerak osatzeko eta programan parte hartzen duen Orquesta Barroca de Sevilla orkestraren kalitateaz baliatuta. Hitzaldiak (irailaren 13an eta 15ean) zabalik daude jende guztiarentzat; aldiz, antzinako musikaren interpretazio ikastaroa (irailaren 19 eta 20an) zabalik dago musikari profesionalentzat eta erdi mailako eta goi mailako gradu ikasketak egiten ari direnentzat. Azkenik, entsegua (irailaren 17an) Musika Eskoletako, Kontserbatorioetako eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei, eta jende guztiari zuzendua dago.