Carlos López Molinak eta José Antonio Sanz Delgadok, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Automatika eta Konputazio Sailekoek, Logika Lausoaren Europako Elkartearen (EUSFLAT) bigarren saria jaso dute. Elkarteak, bi urtean behin saritzen ditu osatzen duten ikerketa taldeek egiten dituzten doktoretza tesirik onenak. Carlos López Molinak 2012ko bigarren saria jaso du, eta José Antonio Sanz Delgadok, 2011koa. Beren lanen aitorpena elkarteak Milanen datorren irailean egingo duen biltzarrean egingo da.
Espainian badira adimen konputazionalari buruzko 38 ikerketa talde, eta 77 unibertsitatetako 237 ikertzaile, beren doktoretza tesia gai honi buruz egiten ari direnak. Europa osoan adimen konputazionala eta logika lausoa ikertzen dituzten ikertzaileek osatzen dute EUSFLAT. EUSFLAT elkarteko kideek defenditzen dituzten tesi guztiak dira saria jasotzeko hautagaiak. Komunitate zientifikoaren aitorpenaz aparte, sarituek, sari moduan, 2013ko biltzarraren inskrizpioaren kostua jasoko dute, baita EUSFLATen doako urtebeteko bazkidetza ere.
Humberto Bustince Sola NUPeko katedradunak zuzendu zituen bi tesi sarituak, beste zuzendari batekin; López Molinaren kasuan, beste zuzendaria Bernard De Baets izan zen, Ganteko Unibertsitateko Bioingeniaritza Fakultatekoa. Sanz Delgadoren kasuan, beste zuzendariak Francisco Herrera eta Alberto Fernandez izan ziren, Granadako Unibertsitatekoa lehena, eta Jaengo unibertsitatekoa, bigarrena.
Diagnostiko medikorako hobekuntzak
Carlos López Molina informatika-ingeniaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktorea da. Bere doktoretza tesian proposatu zuen irudietako ertzak automatikoki hautematearen arazoa konpontzeko tekniken emaitzak hobetzea, esaterako, tumore bat noraino zabaldu den zehazteko. Lanaren egileak azaltzen duenez,"irudiak zuri-beltzean aztertzean, jakin behar da non ari den aldatzen kolorea, eta zer nolako aldaketen bila ari den sendagilea, datu horiek diagnosia egiten lagunduko diotelako".
Carlos López Molinak bere ikasketetako parte batzuk Brock Universityn (Kanada) eta University of Technology Sydney (Australia) unibertsitateetan egin ditu. Doktoretza ikasketak egin bitartean hainbat ikerketa-egonaldi egin zuen Ganteko Unibertsitatean. 2012ko urtarrilean logika lausoa aplikatzeko lanik onenarentzako saria lortu zuen, Teknologiei eta Logika Lausoari buruzko Espainiako XVI. Biltzarrean, eta 2011n ikasleek aurkeztutako lanentzako bigarren saria lortu zuen Logika eta Teknologia Lausoaren Europako Elkartearen (LTLEE-EUSFLAT) biurteko biltzarrean, Aix-les-Bains herrian (Frantzia) egin zenean. Gaur egun ikerketa-beka bat dauka NUPen, non Humberto Bustince katedradunak zuzentzen duen Adimen Artifiziala eta Arrazoibide Hurbilduaren Taldeko (AAAHT-GIARA) kidea baita.
Sailkapen arazoak konpontzea
Bere doktoretza tesian, José Antonio Sanz Delgadok hainbat algoritmo proposatu zituen, sailkapen arazoak automatikoki ebazteko. Azaltzen duenez, "gizakiok etengabe ari gara sailkapen prozesuak egiten, sailkapen errazenetatik (fruta bat zein motatakoa den zehaztea), bestelako gai konplexuagoetara, TAC batek duen informazio batean oinarrituz, pertsona batek minbizia duen edo ez zehazteraino. Proposatzen ditugun sailkapen sistemek, arazoa ebatzi ez ezik, hartu duten erabakia arrazoitzeko gaitasuna daukate".
Sistemek erabaki bat hartzeko erabiltzen dituzten arauak gizakiok erabili ohi ditugun hitzez osatuta daudelako gertatzen da hori. Hona hemen arau horien adibide bat: “diru-sarrera handia badu, eta bere lanpostua finkoa bada, orduan mailegua eman”. Baina, nola daki ordenagailu batek dirusarrera jakin bat handia dela? Horretarako logika lausoa erabiltzen da; izan ere, informazio ez osatua edo zehaztugabea errepresentatzeko gauza den tresna baita. Bere ikerketa lanaren berrikuntza nagusia izan da estreinakoz erabili direla tarte/balioespen multzo lausoak. Multzo hauek logika lausoan hitzak errepresentatzean sortzen den arazoa konpontzen saiatzen dira; izan ere, hitz berberak, batzuetan, ez dauka esanahi berdina, pertsonen edo/eta testuinguruaren arabera.
José Antonio Sanz NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko irakasle laguntzailea da eta “Adimen artifiziala eta arrazonamendu hurbila” ikerketa taldeko kidea. I+Gko hamabi ikerketa proiektutan parte hartu du, eta beste batzuekin batera, aldizkari zientifikoetan argitaratutako bederatzi artikulu eta hainbat ekarpen egin ditu, 6 batzar nazionaletan eta 15 nazioarteko batzarretan. 2012an Estanbulen (Turkian) egin zen FLINS biltzarreko ekarpenik onenaren saria jaso zuen.