Joan eduki nagusira

zoom Itziar Berruezo, bigarrena eskuinetik, Nablusen (Palestina).

Itziar Berruezo, bigarrena eskuinetik, Nablusen (Palestina).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle batek, Itziar Berruezo Juandeaburre (Aria, Aezkoako ibarra, Nafarroa, 1988), “software” edo programa informatiko bat garatu du Cisjordanian (Palestina) dauden hainbat meteorologia estazioetako haizeari buruzko datuak aztertzeko aukera ematen duena. Telekomunikazio ingeniari titulua erdiesteko ikasketen amaierako proiektua izan den lan hau sei hilabetez egin du Nabluseko (Palestina) An-Najah Unibertsitateko Energy Research Center zentroan.

Garatutako programa informatikoak aukera ematen du "jasotako haizeari buruzko datuen kalitatea balioesteko, eta seriearen kalitatea hondatzen duten datu akastunak atzemateko, datu serie horiek ahalik eta gehien hurbil daitezen errealitatea modu fidagarrienean adieraztera", azaldu du Itziar Berruezok. Gainera, "prozesu hori egin denean –jarraitu du Telekomunikazio ingeniariak–, haizeari buruzko informazio orokorra erdiesteko aukera dago (parametro estatistikoak, haizeen arrosak, anemogramak edo eboluzioaren beste grafiko batzuk...) metodo estatistikoen bidez, leku horretan karakterizatzen saiatzeko xedez". Ikasketen amaierako proiektu honek 10 (bikain) kalifikazioa erdietsi du, eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Almudena García Gorostiaga irakasleak zuzendu du.

Itziar Berruezoren sei hilabeteko egonaldia Palestinako An-Najah Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko mugikortasun programa bereki bati esker egin da. Prestakuntza Solidarioa da programaren izena, eta beraren bidez, parte hartzen duten ikasleek hegoaldeko herrialdeetara joaten dira praktikak edo ikasketen amaierako proiektua egitera.


Mendekotasun energetiko palestinarra


Itziar Berruezoren lana Nafarroako Unibertsitate Publikoko Proiektuak, Landa Ingeniaritza eta Energia berriztagarrien Ikerketa Taldeak garatu duen proiektuaren parte da, eta Cisjordanian aprobetxamendu eolikoaren sarea ezartzea bideragarria ote den zehazteko sustatzen ari da. Proiekturako diru-laguntza Nafarroako Gobernuak eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID) eman dute.

Palestinak egoera energetiko larria du, Israelgo energia iturrien ia erabateko mendekotasuna baitu, lurralde horretan kontsumitzen den energiaren % 95 Israeldik jasotzen duelako. Palestinako Aginte Nazionala aztertzen ari den aukeretako bat, elektrizitatea sortzea da, eolikoa bezalako energia berriztagarrien bidez.