Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak Eloísa Ramírezekin eta Natalia Tajadurarekin, bigarrena eta hirugarrena ezkerretik.

Ikasleak Eloísa Ramírezekin eta Natalia Tajadurarekin, bigarrena eta hirugarrena ezkerretik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak amaiera eman dio Urretxindorra Proiektuaren bigarren edizioari. Bertan, hamar ikaslek seigarren ikasmailako beste hainbeste adingaberi laguntzeko lanak egin dituzte ikasturte osoan zehar Lehen Hezkuntzako Nicasio Landa (gaztelaniaz) eta Bernart Etxepare (euskaraz) ikastetxe publikoetan. Programa honetan parte hartu duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako gaztetxoen gidariak izan dira 2012ko urritik 2013ko maiatzera bitartean, gizartean txertatzen laguntzeko, haiei laguntza emateko eta haientzat eredu positibo izateko. Programa NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, eta garatu diren jardueren jarraipena egiteaz arduratzen da.

Urretxindorra Proiektuaren bigarren edizioari amaiera eman zaio joan den asteburu honetan jardunaldi ludiko batekin; bertan parte hartu zuten NUPeko ikasleek, haurrek eta beren gurasoek eta bi ikastegietako irakasleek. Ekitaldian izan ziren Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea eta Natalia Tajadura Gizarte Ekintzarako Unitateko kudeaketaria. Ikasleek eta haurrek parte hartzeko horma-irudi bat egin zuten, eta bertan jarri zituzten zortzi hilabete hauetako lana laburbiltzen duten argazkiak eta esaldiak.

zoom Proiektuaren amaierako ekitaldiaren irudi bat.

Proiektuaren amaierako ekitaldiaren irudi bat.

Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatu ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.


Prestakuntza eta jarraipena


Deialdi publiko baten bidez aukeratutako ikasleek aldez aurretik prestakuntza jaso dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Ikasleek 19 eta 25 urte bitartean dituzte, eta hauek dira: Alex Fernandino Marí, Aitziber Galán Nieto, Maria García Castaño, Mamadou Hassimiou Barry, Oihana Hernández Van Waes, Asier Hoyuelos Napal, Ainhoa Iribarren Blasco, Leyre Mateo Alastuey eta Idoia Ullate Ballaz.

Laguntzeko lana jarduera ludikoak eta kulturalak egitean oinarritu da gaztetxoen aisialdietan, hiru orduz astean, eta Unibertsitateak gainbegiratu dituen hainbat irizpideri jarraikiz. Berrikuntza gisa, bigarren edizio honetan, Pablo Sotés eta Fernando Trebol Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak ere gainbegiratzeaz arduratu dira.

Ikasle gidariek harreman pertsonala garatu behar izan dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko xedez. Gidaria izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko haiei. Jarduera bukatu denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatu dute. Parte-hartzaile bakoitzak 300 euroko beka bat jaso du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko.


Hurrengo deialdia, irailean


Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak Urretxindorra Proiektuaren beste edizio baterako deialdia egingo du heldu den irailean. Gizarte Ekintzarako Unitateak deialdi publiko bat egingo du, eta programan parte hartu nahi duten NUPeko ikasle guztiek izango dute izena emateko aukera. Oraindik ez da erabaki zein ikastetxek parte hartuko duten programa honetan heldu den ikasturtean.