Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak bere azken bileran erabaki du Arrosadiako Campusean eskaintzen diren ingeniaritzako sei gradutan nazioarteko programak martxan jartzea, 2013-2014 datorren ikasturtetik aurrera. Honek eskatzen du, besteak beste, gutxienez 90 ECTSko irakaskuntza atzerriko hizkuntza batean egitea, eta atzerriko hizkuntzan idatzi eta defendatzea, baita ere, gradu amaierako lanaren txostena.

Nazioarteko programa hauek joan den 2008tik eskaintzen dira Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta datorren ikasturtetik aurrera eskainiko dira Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren ondoko gradu hauetan: Industria Teknologietako Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa eta Ingeniaritza Mekanikoa. Beste alde batetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak ere nazioarteko programa bat eskainiko du, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan.

Nazioarteko Programek irakaskuntza-programazio berariazkoa daukate, dagokion graduaren irakaskuntzei buruzkoa, baina bereziki diseinatua ikasleek, nahi duten titulazio ofiziala lortzeaz gainera, beren hizkuntza gaitasuna egiazta dezaten, beren irakaskuntza eta lanbide bizitza Europako Unibertsitate Eremuko atzerriko herrialdeetan garatzeko.

Bete beharrekoak

Ikasketa plana, kasu bakoitzean, dagokion graduaren planaren berdina da. Ezberdintasuna da nazioarteko programan sartu nahi duen ikasleak hainbat baldintza bete behar dituela.

Alde batetik, 90 ECTS gainditu beharko ditu, gutxienez, atzerriko hizkuntzan batean, nazioarteko programaren seihilekoak kontuan hartu gabe, halakorik badago. Graduan ez badira eskaintzen 90 ECTS atzerriko hizkuntzan, ikasleak aurretik matrikula egin beharko du atzerriko hizkuntzan enborrezko eta nahitaezko irakasgai guztietan (bai orokorretan, baita aipamen edo ibilbidekoetan ere), atzerriko hizkuntzan eskaintzen diren guztietan, eta irakasgai guztiak gainditu beharko ditu. Aukerako irakasgaiak betebehar horretatik salbuetsita daude, baita atzerriko hizkuntzan ematen diren beste irakasgai batzuk ere, hauek ingelesa ez den beste atzerriko hizkuntza batean ematen direnean eta ikasleak horiek egiteko hizkuntza gaitasuna ez daukanean.

Nazioarteko programako ikasleek nazioarteko mugikortasun deialdietara aurkeztu beharko dute, atzerriko hizkuntza behar duten destinoak eskatuz, eta ikasle bati destino hauetako bat esleitzen bazaio, egonaldian zehar dagokion ikasketa-konpromisoan biltzen diren kredituak gainditu behar ditu.

Nazioarteko programetan, gradu amaierako lanek atzerriko hizkuntza batean idatzitako txostena edukiko dute. Bilatuko da lana hizkuntza horretan gai den epaimahai batek ebalua dezan. Kasu honetan, defentsa hizkuntza horretan egingo da. Hizkuntza hau ingelesa ez bada, eta epaimahaiak ez badauka gaitasuna hizkuntza horretan, defentsa ingelesez egingo da. Gradua amaitzean, ikasleek egiaztatu beharko dute B2ko hizkuntza gaitasuna daukatela, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean.

Baldintzak bete eta hala eskatzen duten ikasleek ofizialki edukiko dute, gradu tituluaren Europako Gehigarrian, beren ikasketak nazioarteko programa batean egin dutelako aipamena, atzerriko hizkuntza bakoitzean egin diren kreditu-kopuruen gaineko informazioa emanez, nazioarteko mugikortasuneko aldiari dagozkionak ere barne.