Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Javier Merino, Jesús Irurre, Manuel Rapún eta Sixto Jiménez.

Ezkerretik eskuinera, Javier Merino, Jesús Irurre, Manuel Rapún eta Sixto Jiménez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak amaiera eman dio gaur, asteazkenean, maiatzaren 8an, Enpresa Berrikuntzarako XVIII. Mintegiari. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez antolatzen duen ekimen horretan 35 ikaslek hartu dute parte. Sixto Jiménez enpresaburua amaierako ekitaldian egon da, Nicolas de Oresme Aretoan, eta "Etorkizunaren beldurrari buruz" izena duen hitzaldia eman du. Ekitaldiaren buru izan da Manuel Rapún Ekonomia, Plangintza eta Kalitateko errektoreordea, eta berarekin egon dira Jesús Irurre Arigita Gizarte Kontseiluko burua, eta Javier Merino Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea.

Bere parte hartzean, Sixto Jiménezek gaur egungo panorama ekonomikoaren analisia egin du. Europako krisiaz mintzatu da, esanez, "nahita eragindako" krisia dela, inflazioaz bai eta enpleguaz arduratzen ez den Banku Zentral bat daukana, eta bereziki kontinentearen hegoaldeko herrialdeak itotzen ari den likidezia falta sorrarazi duen espekulazio burbuila izan duena. Horren harira, Jiménezek azaldu du Europar Batasunak gaur egun ezartzen duen politikak sakrifizio handiak ekarriko dituela Espainiarentzat, herrialdeak jarraituko duela ehun industriala galtzen eta langabeziak oso maila handian jarraituko duela.

Jiménezek gomendatu die ikasleei prest egoteko egokitzapenak egiteko, beren ezagutzak etengabe eguneratzeko, eta ohiz aldatzeko jarduera, enpresa eta bizitzeko lekua. "Etorkizuna zuena da, prestatuta zaudete eta inoiz baino baliabide gehiago dago. Baina eraiki dugun mundua konplexua da, gero eta irekiagoa, bilakaera teknologiko eta ekonomiko azkarra darama, finantza sistemaren eta gobernantza arteko asimetria arriskuak ditu, zibilizazioen eta interesen arteko talka, gehiegikeria ekologikoak, eta abar dituena", adierazi du.

zoom Enpresa Berrikuntzarako Mintegiko partaideak amaiera ekitaldira gonbidatuta zeudenekin

Enpresa Berrikuntzarako Mintegiko partaideak amaiera ekitaldira gonbidatuta zeudenekin

Sixto Jiménez Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta IAN SA enpresako kontseilari delegatua izan da (13 urtez), eta Grupo Viscofánen (18). Gaur egun jaki aurreprestatuak egiten dituen Tuttipasta enpresako burua da, eta hainbat enpresetako kontseiluetako kide, esaterako, Metrovacesa, Riberebro eta Innoliva. “Cuestión de confianza: más allá de la inteligencia emocional” liburuaren egilea da, eta ekonomiari eta erakundeen zuzendaritzari buruzko artikulu ugari idatzi ditu hainbat argitalpenetan. Sixto Jiménez Renoko Unibertsitateko Advisory Board of CBSeko kidea ere bada, (FHEDAV) Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa Aztertzeko Fundazioko patroia, eta Academia Vasca de las Ciencias, las Artes y las Letras akademiako diruzaina da.

Enpresa Berrikuntzarako Mintegiko edizio honetako gainerako hizlariak izan dira: Javier del Río, Laboratorios Cinfa SAko zuzendari nagusia; Héctor Barbarin, Centro Nacional de Tecnología y Seguridad Alimentaria (CNTA) zentroko zuzendari nagusia; Benito Jiménez, Congelados de Navarrako burua; Iñaki Arratibel, CyC (Consultoría y Comunicaciones) enpresako kide fundatzaile eta Proiektuen burua; eta Desiré Gahigiro, Uscal Ingeniería Mecatrónica SL enpresako kudeatzailea.

Espiritu ekintzailea sustatzea

Enpresa Berrikuntzarako Mintegiaren xedea da unibertsitate komunitatean espiritu ekintzailea sustatzea, eta topagunea sortzea hainbat lizentziatura eta ingeniaritzatako kideen eta beren izaera berritzaileagatik eta ehun enpresarialari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren sektoreetako zuzendarien artean. Egitarauan sei hitzaldi ere badaude, beren ibilbide ospetsuaren gakoak eskaintzen dituzten aitortutako ospedun sei profesionalek emateko. Prestakuntza osatzeko, sormen lantegi bat egingo da negoziorako ideiak sortzeko eta amaierako lan bat egingo dute taldeka. Balioespena aldekoa bada, ikasleek hautaketa libreko hiru kreditura arte eskatuko dituzte curriculumerako.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioetako azken ikasturteetan dauden ikasleei zuzendu zaie mintegia, eta haien hautaketa egiteko alderdi hauek hartu dira kontuan: aurkeztu duten proiektu profesionala, hizkuntzak menderatzea, nazioarteko mugikortasunerako proiektuetan parte hartu izana eta ekimen zein lidergorako gaitasuna. Zehazki, edizio honetan parte hartu duten ikasleak ikasketa hauetakoak dira: AEZLko, Industria Ingeniaritzako, Ekonomiako, Informatika Ingeniaritzako eta Enpresa Zientzietako laugarren eta bosgarren mailakoak.