Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar asteazkenean aurkeztuko du Iruñeko etxerik gabeko pertsonei buruzko ikerketa baten aurrerapena. Soziologia Sailak garatu du ikerketa, "Salda beroa: Paris 365 jantokia" proiektuaren barruan. Lan hau aurkezteko bi mahai-inguru edukiko dituen programa bat antolatu da. Biak 16:00etatik aurrera izango dira, Unibertsitateko Arteak eraikineko Ada Byron Aretoan.

Jardunaldira joateko gogoa daukaten pertsonek hasi baino lehen eman dezakete izena. Programa hasteko, ikerketa aurkeztuko da (16:15ean), eta 17:00etan lehen mahai-ingurua izango da, izenburu honekin: "Etxerik gabeko pertsonak eta gizarte bazterkeria. Laguntza eta/edo gizarte txertaketarako politikak?". Begoña Pérez Eransus, Gizarte Laneko Saileko irakaslea izango da moderatzailea, eta parte-hartzaileak, aldiz, honako hauek: Idoia Saralegui, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizatearen eta Berdintasunaren aldeko Berariazko Programetako teknikaria, Rubén Unanua, Udal Aterpearen koordinatzailea (Xilema Fundazioa) eta Eliana Alemán, Gizakia Herritar Fundazioko koordinatzailea.

Bigarren mahai-ingurua 18:45ean izango da, eta bere izenburua honako hau da: "Bazterkeria modu berrien ikusgarritasun publikoa". Honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko zuzendaria, Bernabé Sarabia, izango da moderatzailea, eta parte-hartzaileak, berriz, honako hauek: Alfredo Casares, Diario de Navarra Fundaziokoa, eta Javier Erro, Soziologia Saileko zuzendaria. Jardunaldia bukatzeko, egiaztagiriak emango zaizkie joan direnei, baita ikerketa-lanean parte hartu duten ikasle guztiei ere.


Ikasketa Zerbitzuko proiektu bat


"Salda beroa: Paris 365 jantokia" Ikasketa Zerbitzuko proiektu bat da (IKZ). Hau ikasketa akademikoa eta gizartearentzako zerbitzua elkartzen dituen irakaskuntza-metodologia bat da. NUPeko Soziologia Sailak garatu du proiektua, Gizakia Herritar Fundazioaren, Oinarrizko Hezitzaileen Eskolaren eta Diario de Navarra Fundazioaren laguntzarekin batera. Joan zen azarotik, Paris 365 jantokiko, Oinarrizko Hezitzaileen Eskolako eta Soziologiako ikasle boluntarioek osatzen duten talde batek Iruñeko teilaturik gabeko pertsonei aldizkako bisitak egin dizkie, salda beroa eta negua pasatzeko materiala emateko, eta zein den beren gaurko egoera ezagutzeko.

Helburua zen jakitea pertsona haien profila aldatu ote den, krisiaren ondorioz. Izan ere, Soziologia Saileko ikasleen lana teilaturik gabeko pertsonen tipologiari buruzko txosten bat prestatzea izan da.

Proiektua bi fasetan banatu da. Lehenean, 16 ikaslek eta 7 irakaslek parte hartu dute, eta Soziologia Saileko irakasle eta proiektuaren koordinatzaile Javier Errok azaldu duenez, "beren eginkizuna izan da kalean lo egiten duten pertsonen kartografia bat prestatzea, jakiteko non pasatzen duten gaua, zein den beren adina, sexua, lan egoera eta egoera pertsonala, beren jatorriak eta beren familia harremanak". Bigarren seihilekoan 9 irakaslek eta 16 ikaslek parte hartuko dute. Ikasle hauetatik 9 lehen fasean aritutakoak dira.