Nafarroako Unibertsitate Publikoak europar proiektu batean parte hartzen du bost herrialdetako bazkideekin, Foru Erkidegoan Alemaniako Lanbide Heziketa dualeko sisteman erabilitako irakaskuntza metodo bat ezartzeko. Nafarroako bi ikastetxek (San Adriango Ega BHI eta Irunberriko Sierra de Leyre BHI) esperientzia pilotu bat egingo dute metodologia berriarekin 2013-2014 ikasturtean.
Proiektuak PIA2 du izena, ingeleseko siglengatik, eta bere helburua da Nafarroako Lanbide Heziketako hezkuntza sistemara transferitu eta egokitzea Proiektuen Kudeaketan oinarritutako irakaskuntza metodoa (PjBL), Alemaniako Bremengo Unibertsitateak garatutakoa.
Proiektu hau 2012ko urrian hasi zen eta 2014ko irailera arte iraungo du. Europako kontsortzio bat ari da garatzen proiektua, eta Bremengo Unibertsitateko Institut Technik und Bildung (Teknologia eta Hezkuntza Institutua) da kontsortzioaren buru eta koordinatzailea. Nafarroako Unibertsitate Publikoaz gain, kontsortzio horretan parte hartzen dute Iturbrok S.L. Teknologia berrietako aholkularitza eta proiektuetako enpresa nafarrak eta beste hiru hezkuntza erakundek: Montpellierreko Unibertsitatea 3 Paul Valéry (Frantzia), Euroyouth Portugal eta Training 2000 (Italia).
Proiektu honek Europar Batasunaren laguntza dauka Leonardo da Vinci Europako Prestakuntza Iraunkorreko Programaren esparruan, Berrikuntza Transferitzeko Proiektu Multilateralen barruan.
Aditu Batzordea Nafarroan
Nafarroan Aditu Batzorde bat sortu da, eta batzorde horretan parte hartzen dute, lehen aipatutako bazkideez gain, MODERNA fundazioak, Cederna Garalur Elkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta San Adriango Ega eta Irunberriko Sierra de Leyre Lanbide Heziketako ikastetxeek.
Hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoa izan zen, M. Elena Aramendía Muneta irakaslearen eskutik (Enpresen Kudeaketako Saileko irakaslea), orain dela egun batzuk egin zen proiektuaren bazkideen nazioz haraindiko bigarren topaketaren gonbidatzailea.
Bileran honetan, bazkide parte-hartzaileen herrialdeetan eratutako Aditu Taldeek emandako orientabide eta proposamenak aztertu eta eztabaidatu ziren, Alemaniako prestakuntza programa hau egokitzeko. Lanbide Heziketaren gaur egungo egoera eta joerak Nafarroan eta Moderna Plana ere aurkeztu zitzaizkien europar bazkideei.
Ekainean metodologiaren egokitzapena egingo da Foru Erkidegoan, aipatu Aditu Taldearen lankidetzarekin, bai curriculum-programan, bai material didaktikoetan, esperientzia pilotu gisa aplika daitezen Ega BIHn (Lanbide Heziketako ikasleentzat) eta Sierra de Leyre BIHn.
Horrez gain, prestakuntza plan bat ere abian jarriko da bi institutu horietako irakasleentzat, metodologia berrian oinarritua, eta bi prestakuntza jarduera egingo dira ekainean eta irailean. Gero, irailetik aurrera eta 2013-2014 ikasturte osoan bi esperientzia pilotuak ezarriko dira.