

Ikasleak lehen uztarekin, bi berotegietako baten aurrean. Eskubian, Eliana Alemán eta Inmaculada Farrán
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko hamabost ikaslek martxan jarri dute Ikasketa Zerbitzuko esperientzia bat. Esperientziaren helburua da Paris 365 jantoki soziala astero ortuariz hornitzea, maiatzean eta ekainean. Elkartasunezko proiektu hau hezkuntza-metodologia bezala erabiltzen da 2012-13 ikasturteko bigarren seihilekoko bi irakasgaitan. Bi irakasgaiok Inmaculada Farrán irakasleak ematen ditu. Farrán Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren Graduko Landare Ekoizpeneko irakaslea da. Ortuariak Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldeko bi berotegitan lantzen dira, 380 metro karratuko eremu batean, eta aste honetan lehen uzta bildu da.
Paris 365 jantoki sozialari Ikasketa Zerbitzuko proiektu honen bidez laguntzeko proposamena Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaritza taldetik sortu zen. Eskolako zuzendariak, Alberto Enriquek, NUPen urte honen hasieran izan ziren jardunaldi batzuetan aurkeztu zuen proiektua. Jardunaldiotan irakaskuntza-metodologia honen hainbat esperientzia aztertu ziren. Ikaskuntza Zerbitzua ikasketa akademikoei esanahi sozial handiagoa eman nahi dien prestakuntza proposamen bat da, unibertsitateko titulazio guztietan curriculum edukiak garatzeko aukera ematen duena. Dakarren berrikuntza da ikasleen prestakuntza akademikoa inguruaren egiazko beharren testuinguruan eratzen dela eta, horrela, ikasleen prestakuntzan laguntzen dela, hiritar aktibo gisa jarduteko prestatzen baitira.
Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren Graduko ikasleek jarri dute martxan elkartasunezko baratze hau, Inmaculada Farránek ematen dituen bi irakasgairen bidez. Lehen irakasgaiaren izena "Baratzeko Laborantzak" da, eta Baratzezaintza, Frutagintza, Lorezaintza eta Paisaia berezitasunari dagokio. Bigarrenarena "Baratzeko Laborantza Behartuak" da, eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza berezitasunean ematen da. Ikasle guztiek beren borondatez hartu dute parte proiektuan. Lana hasteko, Paris 365 jantokia bisitatu zuten, hango gizarte-egoera ezagutzeko. Ikasleek jantokia erabiltzen dutenei buruzko informazioa jaso zuten, eta jakin zuten, baita ere, zer zerbitzu osagarri eskaintzen diren eta zer nolako ortuariak eta frutak behar dituzten.
Urazak, borrajak eta zerbak
Proiektuaren lehen fasea bukatu eta gero, ortuariak lantzen hasi ziren. Horretarako, Eskolak 380 metro karratuko bi berotegi utzi zizkien. Berotegiak Arrosadiko campuseko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean daude. Irakasgai bakoitzean jasotzen duten eskola teorikoez aparte, ikasleek, taldeetan banatuta, Paris 365 jantokiaren ortuari-beharrak ahalik eta denbora luzeenean asetzeko proiektu bat egin behar izan dute, eta konpromisoa hartu behar izan dute egunero halako kalitate jakin bateko produktua, halako kantitate jakin batean, eskaintzekoa. Mikel Alcasenak koordinatu ditu talde hauek. Alcasenak joan den ikasturtean atera zuen Nekazaritzako Ingeniari Teknikoa titulua Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ikasleek erabaki behar izan dute ekoizpen prozesuaren nolakoa, baita barietateak zer hurrenkeratan erabiliko ziren eta zer espezie erabiliko ziren ere. Beste alde batetik, landatu, ongarria eman, ureztaketa kontrolatu eta laborearen osasuna zaindu dute. Azkena biltzea izan da. Hori aste honetan hasi dira egiten, bertan Inmaculada Farrán irakaslea eta Eliana Alemán, Paris 365 jantoki sozialaren arduraduna zeudela.