Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur arratsaldean Ateak Zabaltzeko Eguna eskainiko du online, eta ikasleek aukera izango dute interneten bidez Osasun Ikasketen Eskolako eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko titulazioei buruzko zalantzak argitzeko. Saioak 18:00etatik 20:00etara egongo dira ikusgai NUPen webgunean (www.unavarra.es), eta interesa dutenek beren kontsultak eta galderak egiteko aukera izango dute, bai aldez aurretik galdetegi baten bidez bai zuzenean bideotxatak transmititzen ari direnean. Bestalde, Unibertsitateak amaiera emango die larunbat honetan Ateak Zabaltzeko Egun presentzialei, Ingeniaritzako titulazioen aurkezpenarekin.
Ateak Zabaltzeko online Egunak asteazken honetan, apirilaren 24an, hasi ziren eta saio horretan Zientzia Juridikoen Fakultateko eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko titulazioei buruzko kontsultak egin ziren. Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordeak aurkeztu zituen titulazioak eta parte-hartzaileek agertutako zalantzak argitzeaz arduratu zen.
Gaur arratsalderako programatu den bideotxata 18:00etan hasiko da Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolarekin. Ordubete geroago, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko titulazioei buruzko zalantzak argituko dira. Kasu horretan, Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordeak egingo du bideotxataren aurkezpena. Hirugarren eta azken Ateak Zabaltzeko Online Eguna astelehenean, apirilaren 29an, egingo da, eta Ingeniaritzako titulazioei buruzkoa izango da.
Ateak Zabalik Ingeniaritzei buruz
Aldez aurretik, Ingeniaritzako titulazioetan interesa dutenek aukera izango dute parte hartzeko larunbat honetan, apirilaren 27an, NUPek egingo duen hirugarren eta azken Ateak Zabaltzeko Egun presentzialean. Informazio saioak Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioen aurkezpenarekin hasiko dira, goizeko 10:00etan Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan. Parte-hartzaileek aukera izango dute ezagutzeko Gradua Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan eta Gradua Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan.
Bestalde, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko irakaskuntza-eskaintzaren aurkezpena 11:30ean hasiko da Ikasgelategiko 09. ikasgelan. Titulazioak honako hauek dira: Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza.
Saio horiek 2013-14 ikasturtean Unibertsitatean gradu horietako bat hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Programaren barruan informazio hitzaldiak egin eta laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira, bai eta Unibertsitateko gainerako instalazioak ere (liburutegia, errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.
Aurreinskripzioa ekainean
Gogoratuko denez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldatu egin ditu, aurten, aurreinskripzioa egiteko epeak. 2013-2014 ikasturtean Gradu ikasketak NUPen hasi nahi dituztenek ekainean egin beharko dute aurreinskripzioa. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, kendu egin da azken urteotan apirilean egiten zen aurreinskripzio aurreratuaren astea.
Orain arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurreinskripzio aurreratua egiteko aste bat antolatzen zuen urtero apirilean, irailean Gradu ikasketak hasteko asmoa zutenen eskaerak jasotzeko. Aurreinskripzio horrek ikaspostu bat lortzerakoan ohiko inskripzioarekiko lehentasunik ezartzen ez bazuen ere –Espainiako unibertsitate publiko guztietarako arautegiak xedatutakoaren arabera ekainean egiten da ohiko inskpripzioa– , etorkizuneko unibertsitate ikasleen orientazioa aurrerapenez jakiteko modua ematen zuen. Baldintza batzuk bete behar dira onartua izateko. Esaterako, Unibertsitatean Sartzeko Probak gainditzea Batxilergoaren bidea aukeratu dutenentzat. Proba horiek (Hautaprobak deitzen direnak) ekain hasieran egiten dira.