

Ezkerretik eskuinera: Alberto Enrique, Santiago Iraburu, Goitzeder Barberena, Ignacio Aramendía eta Julián Palacios.
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak orientazio profesionalerako jardunaldi bat antolatu du, asteazken honetan, apirilaren 24an, Eskolan ematen diren graduetako ikasleei zuzendua. Topaketa Alumni Programaren laguntzarekin egin da. Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin da, eta Alberto Enrique NIGMETeko zuzendaria eta Santiago Iraburu Gizarte Kontseiluaren idazkaria izan dira topaketa-buruak.
Programaren barruan, NUPen ikasi duten hiru nekazaritza ingeniarik eman dute hitzaldi bana. Zehatz esanda, honako hauek izan dira: Julian Palacios, Enonaturako bazkide fundatzailea eta Viticulturako zuzendaria; Goizeder Barberena, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (Cener) biomasa saileko teknikaria, eta Ignacio Aramendía Ingeniería Proyectos Navarra SL enpresako zuzendari-kudeatzailea.
Gaitasunak eta trebetasunak, jarrera proaktiboa eta arduratsua, hizkuntzak menderatzea edo irakasgaiak eta ibilbideak ongi aukeratzea dira arrakasta profesionala lortzeko eragina daukaten faktoreetako batzuk, eta horixe izan da hizlariek beren hitzaldietan aditzera eman dutena. Saioaren xedea zen ikasleak motibatzea, beren buruari helburu handiak jar diezazkioten prestakuntzan, etorkizunean beren lanbidea egoki bete ahal izateko. Beharrezkoa da kontura daitezen prestakuntza teorikoarekin batera, beharrezkoa dela unibertsitateko prestakuntza garaian oinarrizko gaitasun batzuk eskuratzea, gero lanbidean aritu ahal izateko.
Hortaz, ez da hainbeste irtenbide profesionalen katalogoa eskaintzea, baizik eta, alde batetik, ezagutzera ematea zein baldintza pertsonal behar diren jarduera profesionala hobekien betetzeko, eta, bestetik, deskribatzea Unibertsitateak eta Eskolak ikasleen eskura jartzen dituen bitartekoak, lanaren munduan balioesten diren trebetasun horiek eskuratzeko.