Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasleei zuzendutako gida didaktiko bat sortu du. Gidaren xedea da osasun sustapena Gradu titulazioetako curriculumetan sartzea. Irakasle eta ikertzaileek 2013-14 ikasturtetik aurrera izango dute tresna hori erabiltzeko aukera, baina apirilaren 23an Unibertsitatean egingo den jardunaldi batean aurkeztuko da jendaurrean.
Gida honen sorrera Unibertsitate Osasungarrirako II. Planaren barruan dago. Plana joan den urtean onetsi zen eta 2015era arteko indarraldia dauka. Dokumentu honetan unibertsitateko irakasleekin elkarlana indartzea proposatzen du, osasun sustapena Gradu titulazioetara hurbiltzeko. Unibertsitate Proiekzioko Errektoreordetzak sustatu du gida hau, eta hainbat diziplinatako irakasleek eta Unibertsitate Osasungarrirako Planaren Batzorde Gidatzaileko kideek parte hartu dute gida egiteko lanetan. NUPek eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak ordezkariak dituzte organo horretan.
Gidak hiru atal ditu. Lehenengo atalean, ariketa fisikoa, elikadura eta gorputz-irudia aztertzen dira. Bigarren atalean, substantzien kontsumoa, eta hirugarren atalean, heziketa afektibo sexuala. Dokumentuak jarduera sorta zabala proposatzen du, bloke hauetako bakoitzean egin daitezkeenak, eta diziplina akademiko desberdinetan, ikasleek osasun gaietan kontzientzia har dezaten. Jarduera bakoitzean deskribatzen dira: helburuak, metodologia didaktikoa eta jarduerak egiteko denbora. Esaterako, gorputz-irudian unitate didaktiko batzuk daude, eta gai hori zuzenbidearen, soziologiaren edo hedabideen ikuspegitik nola landu litekeen aztertzen dute.
Hori guztia osatzeko, irakasleen eskura jarri da "Goiatz", NUPen sortutako film labur honek gorputz-irudia eta bere nahasmenduak aztertzen ditu. Karlos Alastruey zinema zuzendariak eta NUPeko irakasleak egin du filma, ikasleak dira protagonistak, campusean dago girotua eta hainbat gai aztertzea ahalbidetuko du, hala nola nahasmenduak elikaduran, gorputzaren bizipena eta familia harremanak.
Osasun eta Psikologia Laguntzarako Unitatea eta Gizarte Ekintzarako Unitatea arduratuko dira aholkuak emateaz beren irakasgaien programaren barruan Osasun Sustapenerako Gida Didaktikoan proposatzen diren jardueretako baten bat abian jartzen duten irakasleei.
Osasun Sustapenerako Jardunaldia
"Osasun sustapena: teoriatik praktikara" jardunaldian emango da gidaren berri. Unibertsitate Osasungarrirako Planak eta Berdintasunerako Unitateak apirilaren 23rako antolatu dute jardunaldia NUPen. Jardunaldi honen xedea da unibertsitatean osasunari buruzko gogoeta eta eztabaida foro bat izatea, eta bi gai aztertuko dira: gorputz pertzepzioa eta bere ondorioak norberaren bizitzan, eta nola eta zeren arabera ezartzen diren lotura afektiboak.
Jardunaldiari hasiera emango dion mahai-inguruaren izenburua "Gorputzaren sozializazioa eta bere eragileak" da, eta Ana Aliende Urtasun Soziologia Saileko irakasleak eta Patricia Amigot Leache Gizarte Laneko Saileko irakasleak parte hartuko dute. María José Pérez Jarauta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Instituaren Osasun Sustapenerako Ataleko buruak eta Ana Ansa Ascunce NUPeko Unibertsitate Osasungarrirako Planeko medikuak aurkeztuko dute gida didaktikoa.
Gero, Fina Sanz Ramón psikoterapeuta, sexologo eta Terapia del Encuentro Institutuko zuzendariak hitzaldi hau emango du: "Maitatzea beharretik edo askatasunetik?".
Jardunaldiari arratsaldean amaiera jarriko diote bizipenetan eta teorian oinarritutako bi lantegik. Ikasleei zuzenduak daude eta lotura afektiboak eta agurra eta dolua harreman afektiboetan aztertuko dituzte. Natalia Tajadura Arizaleta Gizarte Ekintzarako Unitateko kudeatzaileak emango du lehenengo lantegia, eta bigarren lantegia, berriz, Ana Ansa Unibertsitate Osasungarrirako Planeko medikuak.
Inskripzioak doakoak dira, eta unidad.accionsocial@unavarra.es posta elektronikoko helbidera idatzita edo 948 166064 telefono zenbakira deituta egingo dira. Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan dago: http://www.unavarra.es/actualidad/congresos.